Arrasateko Gazte Abesbatzak eta Goikobalu Txikik bukatu dute aurtengo ikasturtea, eta oso berezia izan da, batez ere, Goikobalu abesbatzako txikienentzat; izan ere, abesbatzaren 30. urteurrenaren bueltako ekintzak ospatu dituzte ikasturte honetan. "Ikasturte polita" izan dela dio Goikobalu Txikiko zuzendari Maialen Gonzalezek, "kontzertu eta proiektu ugari" izan dituztelako eta haurrek "primeran erantzun eta gozatu" egin dutelako.
Hainbat ekitaldi berezi
Aurtengoa ez da izan beste edozein ikasturte bezalakoa; izan ere, urteurrena beteta, ekitaldi bereziak antolatu dituzte abesbatzakoek. Gonzalezek abenduko kontzertua aipatu du berezienen artean: "30 urteak ospatzeko egin genuen kontzertua. Orkestrarekin batu eta abeslari lagun ugari izan genituen alboan: Aramaioko Papargorri Abesbatza, Bergarako Orfeoi Gaztea eta Goikobaluko abeslari ohi batzuk; hain justu. Fernando Velazquezen Gabon dut Anunzio! kantua abestu genuen, eta oso hunkigarria izan zen. Gainera, Goikobalu Txikiko betiko abesti pare bat ere abestu genituen".
Abenduko kontzertuaz gain, Kursaal aretoan abestu zuten Humanity at music sinfonia kooperatiboa nabarmendu du Gonzalezek. "2018a ezkero" egiten duten obra bat da, eta, Goikobalu Txiki abesbatzako kideez gain, orduan txikienen abesbatzan zeuden eta gaur egun Gazte Abesbatzan daudenek ere egin zuten kantuan. Pertsona horiek "oroitzapen polit asko" izan zituztela dio zuzendariak.
Izen-ematea, irekita
Duela hiru hamarkada sortu zen Goikobalu Txiki abesbatza, eta gaur egun ere txikien artean abesbatzarekiko zaletasuna badagoela dio Gonzalezek, "nahiz eta askotan ez den lehentasunezko jarduera izaten". "Adin desberdinetara egokitzeko asmoarekin" sortu ziren abesbatzak, eta gaur egun Izartxoak eta Txiki taldeetan 25 neska-mutil daude. Gazte abesbatzari dagokionez, hogei dira hango kideak. Taldea urtetik urtera egonkor mantentzea "erraza ez" den arren, Gonzalezek dio badaudela "jarraitzeko gogoa erakusten dutenak". Kopuru horiek mantentze aldera, datorren ikasturtera begira abesbatza ezagutu edo abestea probatu nahi dutenentzat izen-ematea zabalik dago, eta hainbat bide daude horretarako: goikobalutxiki@gmail.com edo agabesbatza@gmail.com helbideetara mezua bidalita, 669 83 34 38 zenbakira deituta edo goikobalu.eus atarian sartuta