Atzo iluntzean bukatu zituzten 2025eko San Juan jaiak, Janus Lesterrek Herriko Plazan egin zuen kontzertuarekin, eta lehen balorazio "oso positiboa" egin du Udal Gobernuak. "Arrasatearrak, jaiak aste barruan izanda ere, kalera atera dira jai giroaz gozatzera, eta pozgarria izan da herriko kaleak bizitasun eta alaitasunez gainezka ikustea".
Emaitza horren jatorriari egin diote erreferentzia udal ordezkariek. "Izan ere, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa izan da jai giroan. Emaitza hori askotariko eragileen arteko elkarlanari esker izan da, askorentzat urte osoko lanak ekarri duen emaitza bikaina", adierazi du Udal Gobernuak.
Gaineratu duenez, ekimen jendetsuenen artean egon dira txosnaguneko zein Monterrongo kontzertuak, errementari dantza, Gazte Olinpiadak, Zeuk iñ zeuk jan, puzgarriak eta haurrentzako programazioa. "Aurten, gainera, eguraldi eguzkitsuak asko lagundu du eta, orokorrean, ekitaldi guztiak burutu dira aurreikusi bezala".
Horiez gain, aipamen berezia egin nahi dio Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsaren 40. urteurrena ospatzeko egin zuten topaketari. "Euskal Herriko hainbat txokotatik etorri ziren konpartsak eta ehunka haur, gazte zein nagusi bildu zituen ekimenak. Zorionak konpartsari 40. urteurrenagatik!".
Azkenik, erasorik gabeko jaiak izan direla azpimarratu du Gobernu Taldeak. "Arretarako telefonoan eta espazioan ez da inor artatu behar izan eta, ondorioz, ez da protokolo feministarik aktibatu. Informazio gunean askotariko kontsultak izan dira herritarren aldetik. Zentzu horretan, balorazio positiboa egin badaiteke ere, oraindik asko dago egiteke, eta horietan lanean jarraitu beharra dago".
AED elkartea ere pozik
Jaietan bi hitzordu nagusi izan ohi ditu Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak. Dragoi-janari dagokionez, eguraldi iragarpenak baldintzatuta, Biteri plazan egin zuten, arkupean, baina "oso giro polita" sortu zela azaldu du AED elkarteko kide Itxaro Artolak. "Txartel guztiak salduta, 400 bat euskaltzale elkartu ginen mahaiaren bueltan. Oso ondo moldatu ginen eta giro ona bezain alaia nagusitu zen".
Bertso saioari erreparatuta, aurten, berrikuntza modura, AEDk eta Ekin Emakumeak Elkarteak antolatu dute, azken horren 30. urteurrenaren baitan, eta musikatua izan da. "Egia da eguzki beroa zegoela eta jendea itzal bila aritu zela, baina oso jaialdi indartsua izan zen, gai orokorrak baina kutsu feminista dutenak landuta. Formatu berria izan da aurtengoa, bertso musikatu eran, eta egokia bezain polita iruditu zaigu", dio Artolak.
Haur eta gazteen egun borobila
Eguzkilaru Eguna eguaztenean egin zuten, Txatxilipurdi elkartearen eskutik. Umeak Monterron parkean eta Seber Altube plazan aritu ziren, askotariko jolasak egiten, eta makalaren igoera txikia ere egin zuten. "Monterronen jolasgune bat prestatu genuen txikienendako, eta, Zintzilik emozioen laborategiko kideen eskutik, tirolina, eskalada eta halako ekintzak egiten aritu ziren. Seber Altuben, berriz, aurpegiak margotzen aritu ginen eta artelan txokoa ere jarri genuen, apar-festa egiteaz gain", dio Itsaso Garaik, Txatxilipurdiko kideak.
Berrikuntza izan da Begisare elkartekoek euren txokoa jarri zutela. "Elkarteari ikusgarritasuna ematea izan zen helburua eta hainbat jolas prestatu zituzten, haien azalean jartzeko eta haien egunerokoa nolakoa den ikusi ahal izateko. Oso ondo funtzionatu zuen".
12 urtetik gorako nerabeak, aldiz, Kulturate atzeko plazan aritu ziren: "40 bat nerabe elkartu ziren eta tailer eta jolas batzuk egin genituen. Bero egiten zuenez, ur-jolas batzuk ere egin genituen, baita olinpiada txiki batzuk ere".
Halaber, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunak Monterron bete zuen. Beraz, "gustura" geratu dira Txatxilipurdi elkarteko kideak.
Txosnagunea, jendez lepo
Txosna Batzordeak ere, oro har, ondo baloratu ditu jaiak. "Kontzertuetan jendetza batu da", dio Luken Ormaetxeak, batzordeko kideak. "Herri bazkarian, aukeran, jende gutxitxo egon zen, baina uste dugu datozen urteetan hazten joango dela kopurua".
Azkenik, salaketa bat ere egin dute: "Ekainaren 20an pankarta bat jarri genuen, txosnak poliziarendako lekua ez direla aldarrikatzen zuena, eta ekainaren 21erako kenduta zegoen pankarta. Halaber, Hernaniko sanjuanetan Ertzaintzak hustu egin zuen txosnagunea eta atxilotuak ere izan ziren. Ez dugu poliziarik nahi gure txosnetan"