40 urte bete ditu Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsak, eta urteurrena topaketa batekin ospatu dute. Horretarako, Euskal Herriko beste lau konpartsa gonbidatu dituzte: Ondalan Deustuko Konpartsa (Bilbo), Txantreako Konpartsa (Iruñea), Bermeoko Erraldoien Konpartsa eta Aretxabaletako Erraldoiak. 10:30ean eman diote hasiera jaiari, Zaldibarren, eta ondoren, kalez kale ibili dira, arrasatearren gozamenerako. Konpartsaren hastapenei omenaldi gisara, azken urteetan herrian ezohikoa den formatu bat berreskuratu dute topaketarako, eta gaiteroez gain, txistulariak ere izan dira musika jotzen.
13:00ak baino lehentxeago, plazan elkartu dira bost konpartsak, eta saio bateratu bat egin dute. Ikusmira handia sortu du ikuskizunak, eta ugariak izan dira plazara hurbildu diren arrasatearrak. Lehenik, konpartsa bakoitzak koreografia bana egiteko aukera izan du, eta ostean, guztiek elkarrekin vals bat eta polonesa dantzatu dute. Egun osoan gelditu gabe ibili diren arren, jai giroa nagusitu zaio neke zein beroari, eta ikuskizun bateratuaren ostean, kalejiran jarraitu dute elkarrekin.