Goizeko jolasetan parte hartzeko ia 900 gazte elkartu dira, eta guztira 56 kuadrillak eman dute izena; iaz baino 200 lagun gehiago. Bazkalostean, horietatik 28 kuadrilla final-laurdenetara sailkatu dira, eta hortik 12 finalaurrekoetara.
Final handia 19:30ean jokatu da Monterron parkean, ehunka herritarren aurrean. Bertan lau talde aritu dira lehian: goizeko jardunaldian lehen postuan sailkatu den Aereolinea Barata, iazko txapelduna Boniato Crew, Lolailo kuadrilla eta, azkenean, garaile suertatu den 99 kuadrilla.
Tentsio handiko finalean hainbat proba gainditu behar izan dituzte parte-hartzaileek txapela lortzeko. 99 kuadrillako kideak pozik agertu dira lortutako garaipenarekin, eta nabarmendu dute ohore handia dela hainbeste talderen artean lehen postuan sailkatzea. Garaipenaren sari gisa, nekazalturismo batean asteburua irabazi dute, eta topera gozatuko dutela aurreratu dute.