Arrasateko San Juan jaietan pilota protagonista izango da, beste urte batez. Urteroko hitzordua izaten da Uarkapekoa, eta aurten ere, hilaren 22an, domekan, arratsaldeko bostetan hasita, profesionalen pilota partidua jokatuko da Arrasaten. Eskuz binaka arituko dira pilotariak, eta Ander Murua arrasatearra izango da partidua jokatuko duen lau pilotarietako bat. Aldabe atzelari nafarrarekin batera arituko da Murua, Expositok eta Eskuzak osatuko duten bikotearen aurka. Hala, etxean jokatuko du, beste urte batez, Aspeko pilotariak San Juan jaietako partidua, herritarren aurrean, horrek dakarren guztiarekin. Eskuz binakako partidua ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daude, 10 euroren truke, entradasfronton.com atarian. Internet bidezko erosketaz gain, partidu egunean bertan ere salduko dituzte partidurako sarrerak, Uarkape frontoiko leihatilan.