Hamarkada bat pasa da Arrasateko Udalak ziklista moduan egindako ibilbideagatik saritu zintuenetik; txirrindularitzarekiko haria ez duzu eten.
2014. urtean txirrindularitza utzi, eta handik urtebetera Specialized taldean hasi nintzen lanean, ingeniari. Hiru urte egin nituen han, eta Astanara joan nintzen gero. Harrezkero, txirrindularitzako profesional mailan ibili naiz lanean buru-belarri.
Etxean saritua izatea berezia izango da, ala?
Egia esan, bai. Herrian bertan halako aitortza bat jasotzea ez da erraza izaten, baina halakoak jasotzen direnean oso pozgarria izaten da; izan ere, ezagutzen duzun jendeak zure lanari balioa ematea izugarria da.
Movistarren diharduzu egun; zer momentutan zaude?
Momentu onean nagoela esango nizuke. Proiektu polita dugu aurretik. 2029. urtera arte sinatu du kontratua taldeak Movistar babeslearekin, eta txirrindulari askok kontratua berritu dute hiru edo lau urterako; hori pentsaezina izan da azken urteetan. Aurretik etorkizun polita handia dugula esango nuke, eta poztu egiten nau.
Aspaldiko partez, gainera, loreak jasotzen ari zarete Movistarren.
Taldeak ez du World Tour kategoriako aurrekonturik handiena, eta ez dugu Pogacar edo Vingegaard bezalako izarrik gure ziklisten artean. Hala ere, saiatzen gara txirrindulari gazteekin lasterketa politak egiten eta, ahal bada, irabazten.
Dauphinen lan ona egin du taldeak; Ivan Romeo nabarmendu egin da.
Bada, duela hiru urte inguru iritsi zen taldera, 19 urte zituela. Hiru urte hauetan asko hazi da txirrindulari gisa. Poliki-poliki egin du bere bidea; iaz, munduko txapeldun izatea lortu zuen 23 urtez azpiko kategoriako erlojupekoan, eta aurten dagoeneko bi lasterketa irabazi ditu: Valentziako Itzuliko etapa bat eta Dauphineko beste bat. 21 urterekin, ziurrenik debuta egingo du Tourrean, eta etorkizun oparoko txirrindularia da, zalantzarik gabe.
Enric Mas aurrealdean ibili da Dauphinen, eta emakumezkoetan ere emaitza onak lortu dituzue; taldea zer momentutan dago?
Esango nuke guztiok gaudela nahiko momentu onean. Sierra Nevadan egonaldia egin genuen, Dauphineren eta Suitzako Tourraren aurretik, eta, hain zuzen, han osatu genuen Tourrerako hamaika txirrindulariren aurretiko hautaketa-zerrenda [zortzi ziklista joango dira Tourrera]. Uste dut nahiko talde polita eramango dugula.
Gainean dago Tourra; zer asmo du taldeak?
Gaur egun, sailkapen nagusia lehiatzea oso gogorra da, eta taldearen helburu nagusia izango da Enric [Mas] lehen hamarren artean sartzea eta etapa batzuetan lehiatzea Enricekin eta txirrindulari gazteekin.
Zer-nolako lasterketa aurreikusten duzu?
Dauphinen ikusi den moduan, oso markatuak izango direla uste dut. Ihesaldietarako aukerak egongo dira, eta hor ibili behar dugu buru-belarri. Beste etapa batzuk esprintean erabakiko dira; [Fernando] Gaviria ez bada joaten, ez dugu esprinterrik izango, eta etapa horietan egiteko gutxi izango dugu. Mendiko etapetan, ihesaldietan ez bagara joaten, badakigu Pogacar, Vingegaard eta halako ziklisten aurka lehiatzea zaila izango dela. Tourrean zerbait egiteko aukeraren bat izan nahi badugu, ausartak izan beharko dugu.
Pogacar eta Vingegaard; bien arteko lehia aurreikusten duzu, ala hori ere ez?
Dauphinen ikusi den moduan, momentuz, Pogacar urrats bat aurretik dabil. Ikusiko da Tourra hasi bitartean Vingegaardek zerbait hobetzen duen eta haren parean jartzen den. Momentuz, baina, Dauphinen ikusitakoarekin, Pogacar indartsuago dator, argi eta garbi. Vingegaardek hobetzea ona izango da Tourrarentzat.