Danbor hotsez, dantzez eta suz jantzita iritsiko dira aurten ere San Juan jaiak Arrasatera, eta herritarrek kaleko giroan biziko dituzte berriz ere jaiak. Jai giroa goizetik hasiko da, 12:30ean txosnen txupinazo eta irekierarekin, eta ondoren triki-poteoa, puzgarriak era gazteentzako bazkaria izango dira Uarkape pilotalekuan. Arratsalde osoan ekintza ugari izango dira: txopo-poteoa, makala jasotzea eta herri-kalejira. Seber Altube plazan Oihan Vegak gidatutako disko-festa izango da txikientzat, 18:30ean, eta 19:30ean Salbe Solemnea ospatuko dute San Juan Bataiatzailearen parrokian.
Joan den asteburuan, hilak 14, egin zuten haurren danborradak hasiera eman zion jai giroari. Hala ere, parte-hartzea apalagoa izan zen: lau konpainia inguru irten ziren, eta, SUDCeko arduradunen esanetan, kopuruak beherantz egin du azken urteetan. Horri jarraipena emanez, San Juan bezperan ospatuko dira urteroko hitzordu esanguratsuenetako batzuk: errementari dantza, sua eta nagusien danborrada, hain zuzen ere.
Errementari dantza
San Juan bezperako iluntzean, 21:00etan, abiatuko da Arrasaten hain maitatua den errementari dantza. Hiru hamarkada igaro dira Jose Ramon Vitoriak dantza hori berreskuratu eta herrian txertatu zuenetik, eta ordutik San Juan bezperako ezinbesteko hitzordu bihurtu da. Urtez urte belaunaldi berriek hartu dute lekukoa, eta aurten 50 bikotek hartuko dute parte: Lore Gazteak taldeko 25 bikotek eta Txikitxu Arrostaitz taldeko 25ek.
Zaldibartik abiatuko dira eta kaleetan barrena egingo dute ibilbidea, doinu tradizionalen erritmoan, Herriko Plaza helmuga hartuta. Azken dantza suaren inguruan egingo dute, ikusmin handiko unean.
Bidean hainbat herri-taldek lagunduko diete: Erraldoi eta Kilikien Konpartsa, Arrasateko Trikitixa Eskola, Udalaxpe txistulariak, Gaiteroak eta Arrasate Musikaleko Banda. Ttakunetik Jose Luis Zalakain eta Unai Langaran arduratuko dira txalapartaz, eta Portaloiko kideek kantuz girotuko dute desfilea. Aurtengo edizioak, ordea, une hunkigarri bat ere izango du: aste honetan zendu den Ttakun taldeko Jesus Larrañagaren omenez joko dute txalaparta.
Lore Gazteak dantza taldeko ordezkari Miren Aranak nabarmendu du dantzarientzat egun polita dela: "Urtean zehar lantzen dugun hori orokorrean kulturara gutxi hurbiltzen diren herritarrengana hurbiltzeko ere balio du". Horrekin batera, herritarrei Arrasateko kultur panoraman bizia dela gogorarazteko aukera bikaina dela azpimarratu du Aranak.
22:30ean piztuko dute San Juan sua Herriko Plazan. Arrasateko dragoiak piztuko du sua, eta Maider Morras alkateak egingo du ohiko agurra, aurreskua dantzatuz, eta, amaitzeko, alpargatak sutara botako ditu. Une hori sinbolikoa eta hunkigarria izaten da urtero.
Gaua bukatzeko
Eguna amaitzeko, nagusien danborradak hartuko ditu kaleak. 23:15ean abiatuko da, Biteri plazatik, eta, ohiko ibilbideari jarraituz, herriko txokoak girotuko dituzte danbor eta barril doinuek. Aurten, konpainia hauek irtengo dira: Danborreroak, Musakola, Santa Maña, Beti Gazte, Beti Alai, Arrasate Herri Eskola, Eskoziarrak, Txalaparta eta Montxon. Horietatik, bost konpainiak danborra joko dute –105 lagun inguru– eta lauk, barrila –90 parte-hartzaile inguru–. Gehiengoak errepikatuko duen arren, aurreko urtean parte hartu zuen Gelma konpainia ez da irtengo.
Zuzendaritza musikala Eva Romeroren esku egongo da, beste behin, haren gidaritzapean joko baitira desfileko piezak. Aurtengo berrikuntza nagusietako bat da musika teknikoaren ardura Iruñetik etorritako talde batek hartuko duela, eta, aurrekoetan bezala, Eskoriatzako bandak jarriko du betiko oinarria. Danborradaren egitura mantendu egin bada ere, aurten Udalak proposatu zuen ekitaldia ekainaren 24ra pasatzea. Hasieran SUDC elkarteko antolatzaileek oniritzia eman zioten aldaketari, baina danborradako konpainietako zuzendarien artean tradizioari jarraitzea erabaki zuten; hau da, hilaren 23an mantentzea.
Juan Luis Arkauzek, SUDCeko lehendakariak, azaldu du aldaketa horrek helburu argia zuela: "Gure ustez, 24 arratsaldean egitea aukera ona zen. Ordu horretan jende gehiago egoten da kalean eta ekitaldiari ikusgarritasun handiagoa emango litzaioke. Baina, azkenean, tradizioari eustea lehenetsi da, eta guztiz errespetatzen dugu". Azaldu duenez, entseguak astelehenetan eta eguaztenetan egin dituzte, eta guztira hamar saiotik gora egin dituzte konpainiek danborrada prestatzeko. Ekainaren 18an, eguaztenean, egin zuten entsegu orokorra.
Danborrada ikustera joateko gonbita egiten du urtero elkarteak, baina aurten mezu horri beste ñabardura bat gehitu dio Arkauzek: "Herritarrei ez diegu soilik eskatzen ikusle izatea; parte hartzera ere animatu nahi ditugu. Danborrak astintzea eta konpainietan aritzea arrasatear ororentzat irekita dagoen aukera da, eta garrantzitsua da jende berria erakartzea, belaunaldi berriek ekitaldia bizirik mantendu dezaten". Danborrada eta jaiak lotuta daude Arrasaten, Arkauzen hitzetan: "San Juan jaiak ezin dira danborradarik gabe ulertu".