Erraldoien bilgune berezia egingo dute

Sara Lanz 2025ko eka. 20a, 15:00

Iaz, erraldoiek San Juan egunean plazan egin zuten emanaldia. GOIENA

Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsak 40. urteurrena ospatuko du domekan, herriko kaleetan egingo den erraldoi eta kiliki topaketa berezi baten bidez. Euskal Herriko lau konpartsa gonbidatu dituzte eta guztira 30 erraldoitik gora egongo dira.

1985eko ekainean sortu zuten Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsa, Arrasateko Gaiteroak taldearekin ekimenez, herriko jaietan euskal folklorea eta giro herrikoia kaleetara ateratzeko asmoarekin. Garai hartan, Esteban eta Enrike Dolara anaiak izan ziren proiektuaren bultzatzaile nagusiak, eta lehen agerraldia urte hartako sanjuanetan egin zuten. Hasieran lau erraldoi handi sortu zituzten, eta gaur egun, 40 urte geroago, hamabi figura dituzte guztira: handiak, ertainak eta txikiak barne.

Lau hamarkadako ibilbidean gorabehera batzuk izan dituzte: partaide kopuruaren gorabeherak, belaunaldi berrien falta une batzuetan edo figurak berritu beharra. "Balantzea da oraindik hemen gabiltzala gauzak egiten; hortaz, hori ona da. Gure momentuak eduki ditugu, hobeak eta txarragoak, baina hemen gaude oraindik, eta hori positiboa da", adierazi du Joxerra Perezek, konpartsako kideak.

Urteurrenaren baitan, konpartsako kide ohien bilkura egin zuten Mondragon hotelean. 40 lagun inguru elkartu ziren bazkari batean, lehen urteetako bizipenak partekatu eta konpartsaren historian murgiltzeko. Baina ospakizunaren zati nagusia kalean izango da, datorren domekan, ekainaren 22an, San Juan jaien atarian egingo den erraldoi eta kiliki topaketa handian. Hainbat herritatik etorriko diren konpartsak elkartuko dira, eta guztien artean Arrasateko kaleak dantzan jarriko dituzte.

Lau gonbidatu berezi

Ekainaren 22ko topaketan lau konpartsa gonbidatu izango dira: Ondalan Deustuko konpartsa (Bilbo), Txantreako Konpartsa (Iruñea), Bermeoko Erraldoien Konpartsa eta Aretxabaletako Erraldoiak. Parte-hartzaileen aukeraketa ez da kasualitatea izan; izan ere, konpartsa horiekin lotura berezia izan dute urte hauetan guztietan. "Normalean, ospakizunen bueltan antolatzen ditugu erraldoien bilkurak, eta aurten etorriko dira gurekin urte askotan ibili diren konpartsak. Txantreakoek, adibidez, aurreko urtean ospatu zuen euren 40. urteurrena, eta han izan ginen. Aurten haiek etorriko dira gurearekin bat egitera", azaldu du Perezek. Aretxabaletako taldeak, berriz, iaz egin zuen lehen irteera, eta orain, euren lana ezagutzera emateko aukera izango dute Arrasaten. Guztira, 32 erraldoi inguru espero dituzte domekarako. Deustuko konpartsak figura ugari ekarriko dituela jakinarazi dute antolatzaileek, eta horrek handitu egingo du topaketaren ikusgarritasuna. Dantzek eta musikak girotuko dute goiza, eta publikoak gertutik ikusi ahal izango ditu erraldoien mugimenduak, dantzak eta pertsonaia bakoitzaren berezitasunak.

Kalez kale

Jai giroa goizetik sumatuko da: 10:30 inguruan Zaldibartik abiatuko dira konpartsak, eta handik kalez kale ibiliko dira. Seber Altube plaza, Olarte eta Erdiko kalea izango dira dantzarako gune nagusiak, eta, 13:00 aldera, Herriko Plazan elkartuko dira, guztiek saio bateratua egiteko. Jai herrikoia izango da, eta parte hartzaileen eta ikusleen arteko elkarreragina izango du ardatz.

Arrasateko figura guztiak

Arrasateko konpartsak, gainera, bere figura guztiak arterako ditu topaketarako. Erraldoi handiak –Gomez Gonzalez Butron, Elvira Leiba, Martin Bañez Artazubiaga eta Santxa Otxoa Ozaeta Marzana–, erdikoak –Errementaria, Mari, Basajaun eta Lamina– eta erraldoi txikiak, handien berdinak direnak, izango dira kaleetan. 160 eta 170 lagun artean ariko dira lanean egun osoan, dantzari, gidari eta laguntzaile.

Musikaren garrantzia

Musikak eginkizun garrantzitsua izango du topaketan, eta konpartsako kideentzat ezinbesteko osagaia da, erraldoien dantzak eta kalejirak biziarazteko. Ohikoa da erraldoiek gaiteroen laguntzarekin ibiltzea, eta hala izango da oraingoan ere. Baina aurten, 40. urteurrenaren harira, formatu berezi bat berreskuratuko dute: gaiteroez gain, txistulariak ere izango dira haiekin batera. "Normalean, erraldoiak gaiteroekin irteten dira. Baina 22an, gure hastapenetako formatua berreskuratuko dugu: gaiteroak eta txistulariak elkarrekin ariko dira", azaldu du Perezek. Horrela, sortze-garaira itzuli nahi izan dute; musika zabalagoa eta oinarri sendoagoa eskainiko diote erraldoien eta dantzarien ibilbideari.

Sanjuanetan zehar

Ospakizun handia ekainaren 22an izango da, baina ez da erraldoiak kalera irtengo diren egun bakarra izango. San Juan bezperan, ekainaren 23an, errementari dantzan parte hartuko dute erraldoi handiek, eta San Juan Egunean, ekainaren 24an, konpartsako figura guztiak irtengo dira berriro. Ekainaren 26an ere izango dira kalean, eta aurrerago erraldoi txikien 15. urteurrena ospatzeko asmoa dute. Erraldoi eta Kilikien Konpartsak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, urteetan jasotako babesagatik: "Kalera irteten garen bakoitzean, jendeak ondo hartzen gaitu, eta horrek ematen digu indarra".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak