Izaro Sanchez (Aretxabaleta, 1987) marrazkilaria eta irakaslea da. Argazkigintza eta Ilustrazioa ikasita, hainbat proiektutan dabil murgilduta gaur egun. Sua, udan berua izeneko lanarekin irabazi du aurtengo Arrasateko San Juan jaietako kartel lehiaketa. Jaiaren sinboloak eta uda giroko berotasuna uztartzen ditu haren irudi koloretsuen eta dinamikoen bitartez.
Nola jaso zenuen lehiaketa irabazi zenuen berria?
Beti bezala, horrelakoak pozik hartzen dira. Azkenean, zure lana erakusteko modu bat da, eta sariak beti lagungarriak dira. Hori dela eta, oso pozik hartu nuen albistea.
Zer esan nahi du zuretzat, bereziki, Arrasateko jaien kartela egiteak?
Ondoko herria da, bertan ikasi nuen eta lagunak ere baditut. Haiek ere kartela ikusiko dutela jakiteak poza ematen dit.
Aurretik ere parte hartu izan duzu halako lehiaketetan?
Orokorrean, urtero parte hartzen dut Inauterietako eta San Juan jaien kartel lehiaketetan.
Zergatik Sua, udan berua? Nondik dator izenburua?
San Juan suarekin uda dator, eta suak berotasuna ematen du, udak bezala. Hortik abiatu nintzen: jaiaren sinbolo nagusia hartu eta uda giroarekin lotzeko modua bilatu nuen.
Jai giro hori oso lotuta dago suaren eta beroaren atmosferarekin?
Bai, noski. Udan, eguraldi onarekin, jendea gehiago elkartzen da kalean. Sortzen den giro hori ez da negukoa bezalakoa; kalean, jai giroan, beroarekin, bestelako dinamika bat sortzen da.
Hasieratik argi zenuen ideia edo prozesuan sortu zen?
Oraingoan, beste batzuetan ez bezala, oso argi nuen nondik jo nahi nuen. Berotasuna izan zen abiapuntu nagusia.
Zer elementu ageri dira kartelean eta zergatik aukeraketa hori?
Kolorea gustuko dut, eta beti saiatzen naiz kartel koloretsuak egiten, bistara poztasuna ematen baitute. Dinamismoa ere bilatu dut: mugimendu handiko jaiak dira –sua, bigantxak, dantza, jokoak...–, eta hori islatzea garrantzitsua iruditu zitzaidan. Horregatik sortu dut mugimenduz beteriko konposizioa.
Nola erabaki zenituen irudiak?
Arrasateko sanjuanetako giroa islatu nahi izan dut: zezenak, sua, dantza... Era berean, herriko elementu sinbolikoak ere agertzen dira: hiru arkuak, idiak... Elementu oso konkretuak dira, sinbolismo handikoak.
Zein teknika erabili duzu?
Normalean, eskuz hasten naiz. Paperean egiten dut lehen zirriborroa. Behin gustuko dudala, digitalera pasatzen dut.
Zein harrera jaso du kartelak?
Ingurukoek zoriondu egin naute, asko gustatu zaiela esan didate. Ikusgarria dela eta lehen begiradan atentzioa ematen duela azpimarratu dute askok.