San Juan jaien jarraipena, zuzenean eta nahieran Goienan

Naia Laka Arrizubieta 2025ko eka. 20a, 19:00

San Juan jaietako hainbat ekitaldi garrantzitsu Goiena telebistan eta 'Goiena.eus' atarian ikusteko aukera izango dute debagoiendarrek, eta, urtero moduan, EITBrekin elkarlanean, Arrasateko herriko plazatik San Juan gaua zuzenean eskainiko da.

San Juan jaietan kanpoan egon behar dutenek, atzerrian bizi direnek eta herrian bertan kalera irteterik ez dutenek aukera izango dute herriko ekitaldi garrantzitsuen jarraipena egiteko; izan ere, Goienak jaien jarraipen zabala eskainiko du bai telebista bidez eta bai Goiena.eus webgunearen bidez.

Zuzeneko emankizunak San Juan bezperan hasiko dira, hilaren 23an, 17:50ean hasita, makala jasotzearekin, sarean zein telebistan. Horren ondoren, kalerik kale egingo den errementari dantza ere eskainiko du komunikazio taldeak, Goiena.eus-en. Dantzariek plazara heldu bitartean egiten duten ibilbidea jasoko du emanaldiak.

Jarraian, 22:20ean, Herriko Plazatik, EITBrekin elkarlanean ekoitzitako San Juan gaueko saio berezia hasiko da. Goienako Txomin Madinak eta Larraitz Zeberiok eta EITBko Ilaski Serranok gidatuko dute emanaldia. Urtero bezala, ETB1en eta Goiena telebistan zein Goiena.eus-en zuzen-zuzenean eskainiko dute plazan gertatzen den guztia. 50 minutu inguruko saioan, San Juan suaren piztuera, dantza ikuskizunak eta protagonista nagusien ahotsak bilduko dituzte. Gaua amaitzeko, berriz, kaleetan zehar ibiliko den danborrada sarean ikusi ahal izango da, 23:00etan hasita.

Pantailak plazan eta txosnetan

Horrekin batera, San Juan bezperako ekitaldiak kalean jarraituko dituztenendako bi pantaila handi egongo dira kokatuta: bata plazan eta bestea txosnagunean. Plazakoa 17:45ean piztuko dute, makalaren igoerarekin batera. Txosnagunekoa, berriz, 21:00 aldera piztuko dute, errementari dantzarekin batera. Iaz jarri zuten lehen aldiz txosnaguneko pantaila, eta arrakasta handia izan zuen.

Entzierroak zuzen-zuzenean

Beti bezala, jaietako hiru entzierroak ere zuzenean emango ditu Goienak telebistan zein sarean: hilaren 24an, 25ean eta 26an, 09:00etan. Ibilbidea hasten den Erdiko kalearen paretik egingo dute konexioa, 08:55ean puntuan, handik korrikaldi osoa iruditan ikusteko aukerarekin, zezen-plazara heldu arte. Bertan zezenek eta herritarrek eskaintzen duten ikuskizunarekin jarraituko du emanaldiak.

Jaietako laburpenak ikusgai

Jaietako beste hainbat ekitaldi ere jasoko ditu Goienak: lehena hilaren 24an izango da, 20:00etan eta 22:00etan; bigarren saioa, hilaren 25ean; hilaren 26rako, berriz, jaien errepasoa egingo duen ordubeteko saioa dago iragarrita; eta hilaren 27an, Gazte Olinpiaden saio berezia izango da ikusgai, 20:30ean eta 22:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak