Aurten ere San Juan jaietan betiko egitaraua dator zezen-ikuskizunei dagokienez. Bergarako Zezenak ganadutegiko Iñigo Almorzak denentzako aukera egongo dela baieztatu du: "Funtzionatzen duen linea bat da: ekitaldi bat gaztetxoentzako, beste ekitaldi serioago bat txapelketarekin, hiru entzierro eta bigantxak. Horiek Arrasaten arrakasta handia izaten dute".
Arizmendiarrieta plazan jartzen duten zezen-plazak 1.500 ikuslerentzako tokia badu ere, entzierroetan lekua hartzeko garaiz joatea gomendatzen du Almorzak, bete egiten baita plaza: "Batez ere, lehenengo entzierroa izaten da mundu guztiak sartu nahi izaten duena, sarrerarik egoten ez dena eta denak kanpoan geratzen direnak". Entzierroek ere betiko ibilbidea izango dute: Erdiko kaletik igarota Kanpantorpea pasatu, eta Zerkaostetatik jaitsiko dira korrikalariak eta zezenak zezen-plazara iristeko.
Debagoiendarrak erakustaldian
Errekortadoreen erakustaldiari dagokionez, bi modalitate tartekatu izan dira urteetan zehar: bata erakustaldi komikoago bat eta bestea txapelketa formatuan. Iaz bezala, aurten ere, txapelketa formatuan izango da, eta, "gutxi gorabehera, Bergaran egon ziren errekortari berak egongo dira", esan du Almorzak. Bailarako eta Durangaldeko hamabi errekortari arituko dira; haien artean, Ander Martinez Txino, Jon Maiztegi, Arnatz Almorza eta Bergaran irabazitako Ander Gallastegi.
Horren harira, ikuskizun bakoitzerako sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, zezen-plazan.
Zezen-ikuskizunen egitaraua
Ekainak 22, domeka
- 18:30 Errekortadoreen eskola ibiltaria.
Ekainak 24, martitzena
- 09:00 Entzierroa.
- 19:30 Errekortadoreen erakustaldia.
Ekainak 25, eguaztena
- 09:00 Entzierroa.
Ekainak 26, eguena
- 09:00 Entzierroa.