Hainbat kultur jardueraren artean, bertsolaritza ere presente egongo da aurtengo sanjuanetan. Arotz plazan izango da aurten ere AED elkarteak antolatzen duen bertso saioa. Eguaztenean izango da, hilak 25, 12:30ean.
Aurtengo honetan, ordea, AEDk saio berezia prestatu nahi izan du. Emakumeen aniztasuna, euskara eta feminismoa lantzen dituen Ekin Emakumeak Elkarteak 30 urte betetzen ditu eta AEDtik "keinu bat" egin nahi diote, jaietako aurtengo bertso saioari kutsu desberdin bat emanda. "Horregatik izango da, alde batetik, musikatua, eta horregatik parte hartuko duten guztiak dira ukitu transfeministadunak, eduki aldetik, formatuan eta abar", azaldu du AEDko Itxaro Artolak.
Bertso emankizunak, beraz, oinarri transfeminista izatearen harira, ekitaldian bertsotan arituko direnak hauek izango dira: Haizea Arana eskoriatzarra, Nerea Ibarzabal markinarra, Onintza Enbeita muxikarra eta Aissa Intxausti lekeitiarra. Saioa musikaz girotuko dutenak eta bertsolarien jardunean doinua jarriko dutenak Aner Peritz eta Libe Goenaga zarauztarrak izango dira. Eta gai-jartzaile lanetan bi arrasatear ibiliko dira: Maria Oses eta Olatz Zuazubiskar.
Saio tradizionalari aldaketa
Orain arte, sanjuanetako bertso saioaren formatua betiko bertso saio tradizionalarena izan da, "formatu estandarra", Artolaren hitzetan. Aurten erronka izan da musikatua antolatzea. Ekinen urteurrenak bestelako saio bat prestatzeko motiboa eman die, taldeak urteotan egin duen lana aitortu eta saioa bera feminismotik antolatzeko.
Jende askoren esperoan
Formatuaren aldaketarekin ekitaldiak harrera ona izatea espero du Artolak: "Espero dut betiko bertsozaleak, urterik urte etortzen diren horiek, etortzea, eta, formatu berria izanda Arrasaten, kuriositatez hurbiltzea. Edo jende gaztea ere bai; lekuak ere lagundu lezake jende gaztea erakartzen. Aniztasun hori espero dut, bai".