Herriko sei eragilek edo taldek –Askapena, Ernai, GKS, Ikasle Abertzaleak, Ttak eta Bilgune Feminista– osatzen dute aurten Arrasateko San Juan jaietako Txosna Batzordea, eta guztiek batera, beste herriko eragile batzuen laguntzarekin, bost egunerako egitarau zabala antolatu dute, ohi moduan, Monterron parkearen azpian dagoen Kondekua zelaian atondutako txosnagunean. Pertsona guztientzako gune segurua eta dibertigarria izango dela aldarrikatu dute: "Ez da inolako erasorik onartuko, eta, halakorik gertatzen bada, Txosna Batzordeko kideak behar duenari laguntzeko gertu gaude".
Bihar zabalduko dituzte
Ofizialki ekainaren 23an hasiko dira jaiak, baina lehenago zabalduko dute gunea; hain justu, bihar, ekainak 21. "Gazte Olinpiadak egingo dituzte bihar, eta, ekimenarekin bat egin gura dugunez, 18:00etan zabalduko ditugu txosnak, eta bertan jokatuko dute finala, 19:30ean".
Herriko sei eragilek osatzen dute aurten Arrasateko Txosna Batzordea
Era berean, iaz egin zuten moduan, txosnagunea familientzako gune ere izatea gura dute; iaz mago bat gonbidatu zuten, eta aurten, Gasteizko Ameztu konpainiaren DJ Kaktus ikuskizuna izango da, etzi, domeka, 18:30ean, taularen gainean. "Adin guztietara heltzeko gogoz, iaz estreinakoz antolatu genuen haurrentzako eta familientzako ekitaldi bat, eta, sekulako arrakasta izan zuenez, aurten ere publiko horri eskainitako zerbait polita antolatu gura genuen, eta DJ Kaktus aproposa iruditu zaigu. Euskarazko kantu ezagunekin osatutako dantzaldi dibertigarria izango da", azaldu du Txosna Batzordeko kide Peru Arresek.
Txupina, Ernairen eskutik
Hurrengo egunean egingo dute ofizialki jaiek eztanda, eta txosnagunea izango da horren erdigune eta abiapuntu; izan ere, azken urteetan moduan, 12:00etan botako dute txupina. Aurten, Ernairen eskutik izango da. "Txosna Batzordeko eragileok urtetik urtera txandaka antolatzen dugu txupinaren bueltako ekitaldia, eta oraingoan Ernaik du horren ardura. Aurreko urteetako bidetik izango da; puri-purian dauden askotariko gaiak oinarri hartuta aldarrikapen-testu bat irakurriko dugu, eta segidan botako dugu txupina. 11:30ean zabalduko ditugu txosnak, eta 14:00etan itxi egingo ditugu; Uarkape frontoian egingo dugun gazte bazkari herrikoira joango gara".
Bazkalostean, makala edo tantaia igotzeko indarrak batuta, 17:00etan abiatuko da, Txosna Batzordeak antolatuta, txopo-poteoa, frontoitik: "2007an jaiotakoek altxatuko dute aurten tantaia. Hain zuzen, elkarrekin egingo dugu Herriko Plazarako bidea, Taupa eta Osorik tabernetan eta txosnagunean geldialdi bana egingo dugu eta Zurgin kantoitik gora joanda plazaraino heldu eta 18:00etan hasiko dira makala igotzen".
Aurtengo kamisetak
Urtero moduan, kamisetak atera ditu Txosna Batzordeak, baina dagoeneko ez daude eskuragarri. "Txupinaren ardura duen eragile berak du kamiseten diseinua egiteko ardura. Herri askeen alde da aurten aukeratu dugun lelo nagusia, eta horren bueltan ikurrak eta irudiak jarri ditugu, hainbat kolektibori eta gairi elkartasuna adierazteko; besteak beste, Palestinari, feminismoari eta euskal presoei". Txosna Batzordeak zabaldu gura dituen elkartasun mezuak, baina, ez ditu kamisetatan bakarrik aldarrikatuko: "BDZ Arrasatek gaurko, egubakoitza, antolatutako manifestazioarekin bat egingo dugu, eta ekainaren 25erako Elkartasun argazkia ateratzeko gonbidapena egin dugu: Portaloian elkartuko gara, 17:00etan".
Gertuko musikariei tokia eginda
Herriko Plazan eta herriko beste txoko askotan moduan, musika-ikuskizunekin gozatzeko aukera zabala izango da txosngunean ere, kanpoko eta eskualdeko askotariko taldeak gonbidatuta. "Eskaintza zabala izango dugu aurten ere, kanpotik ekarriko ditugu musika proiektu asko, baina herriko eta eskualdeko proiektu hasiberriei eta horren izen handirik ez dutenei ere tokia egin diegu, garrantzitsua iruditzen zaigu-eta talde guztiek entsegu-lokaletan egiten dutena erakusteko tokia izatea. Hori horrela, etzi domeka, Arrasateko 112 taldea eta Bergarako No Limits taldea izango dira taularen gainean, 19:30ean hasita. Gauean, berriz, 23:00etan hasita, pintxada kolektiboak girotuko du gunea. Martitzenean, Emeki eta Txit Karramarro taldeen kontzertuak izango dira. Aretxabaletako eta Eskoriatzako kideek osatzen dituzte talde biak". Erromeria estiloko talde hasiberria da Emeki, eta musikari eskarmentudunak batzen dituen Txit Karramarro hirukoteak, gitarra-doinuek gidatutako musika instrumentala oinarri, kontzertu dibertigarriak egiten ditu.
Talde horiez gainera, badira eskualdeko talde gehiago ere Txosna Batzordeak antolatutako egitarauan jasota; horien artean, azken urteetan izen handia hartu duen Oñatiko Sukena taldeak bihar, zapatua, egingo du kontzertua; eta eguaztenean, jaien azken egunean, Arrasateko Perlata laukotea igoko da agertokira.
Kanpoko musika proiektuak
Aski ezaguna da Zopilotes Txirriaus taldea Debagoienean; eskualdeko jai askotan eta bestelako ekitaldietan izan da aurrez, eta Arrasateko txosnagunean ere izango da nafarren doinu dantzagarriekin eta dibertigarriekin gozatzeko aukera; bihar, zapatua, izango dira.
Eskualdean oso ezaguna den eta zale asko dituen Biznaga punk taldea ere gonbidatu dute Kondekua zelaiko agertokira. 2012an sortutako taldeak hainbat kontzertu egin ditu euren ibilbidean zehar eskualdean, eta ekainaren 25ean izango dira berriz ere Arrasaten. Emanaldi berean izango da iaz Mondra&Roll jaialdira gonbidatu zuten Les Testarudes, Kataluniako emakume talde dibertigarria. Eta Txosna Batzordeak prestatu duen musika-dastaketa eskaintza zabala borobiltzeko, Ahantzi erromeria izango da taularen gainean astelehenean, gauerdian.