2022an sortu zuen Janus Lester musika taldea Jokin Pinatxo abeslariak (Bera, Nafarroa, 1996). Ez gaitzala loak harrapatu izan zen lehendabiziko diskoa, orduko hartan argitaratutakoa, eta iaz kaleratu zuten bigarrena: Lore. Lan hori aurkezten aritu dira aretoetan, eta, orain, udako plazetara egingo dute jauzi: Arrasaten izango dira ekainaren 26an, 20:00etan, Herriko Plazan.
Taldea sortu zenutenetik, gorantz egin duzue.
Bai, eta espero gabeko zerbait izan da, gainera. Etxean abestiak idazten zabiltzanean ez dakizu zer etorriko den, baina, bat-batean, kontzertuak atera eta atera dabiltza, geroz eta jende gehiago hasten da emanaldietara etortzen, abestiak kantatzen, eta horrek asko asetzen du. Uste dut abestiak idaztearen gauzarik ederrenetako bat jendearekin konektatzea dela, eta hori sumatzen gabiltza, poliki-poliki.
Ba al dago horretarako sekreturik?
Ez dakit sekreturik dagoen edo ez; ni, behintzat, gauzak modu zintzo eta benetakoan egiten saiatzen naiz, uste baitut hori dela publikoak abestiak bere bihurtzeko modurik errazena. Kanta bat modu oso gardenean idazten denean, nork bere ikuspuntutik eta barneko sentimenduetatik, jendeak ulertu eta barneratu egiten du, eta, azkenerako, bere sentimenduen parte egiten du diskoa.
Eszenatokian nabaria da gozatu ere egiten duzuela.
Zuzenekoa da nik gehien disfrutatzen dudan momentua, hor baitago aurrez aurreko konexioa jendearekin; horrenbestez, asko zaintzen saiatzen gara. Oso pozik gaude, gainera, aukera baitugu horretan aritzeko Euskal Herri osoan.
Formakuntza handiko musikariak zaretela ere igartzen da.
Zazpi gara taldean, eta sekulako musikariak dira guztiak: nik beti diot sekulako luxua dela eurekin eszenatokia konpartitu ahal izatea. Izan ere, ahotsean edo abeslarian zentratzen gara askotan, baina sekulako talentua dago bere inguruan.
Lehen diskoa bide onetik joan zen; horrela al doa bigarrena ere?
Bai. Urduri samar ibili nintzen bigarren diskoarekin, lehenengoarekin alderatuz gero pixka bat ezberdina baita; gainera, jendeak zerbait espero dezake bigarren disko batean, lehenengoan ez bezala. Hala ere, badirudi asko gustatu zaiola publikoari, eta bere bidea egiten ere badabilela.
Hitzak ere zureak al dira?
Orokorrean, bai. Bigarren diskoan denbora asko pasatu dut Garazi Esnaolarekin, taldeko teklatu-jolearekin, eta badaude abesti batzuk erdi bana idatzi ditugunak; hitzak, horrenbestez, proiektu barrutik ateratakoak dira. Oraingoz, ez diot idazleren bati-edo eskatu, normalki bizipen pertsonalak eta propioak direlako, nire ideia, esaldi edo kontzeptu batetik ateratakoak, baina egingo nuke.
Garbi al duzue zeri abestu nahi diozuen?
Hasieran musika egiten duten horietako bat naiz ni, eta gero jartzen dizkiot hitzak musika edo melodia horri, berak naraman bizitzako pasarte horretatik idazten baitut. Momentu horretan, beharbada, garbiago izaten dut zeri edo nori ari naizen abesten, melodia horrek sentiarazten didanetik abiatuta.
Uda ere hemen da; nola dator?
Beteta dator, eta mugitua izango da: 20-30 kontzertu inguru eskainiko ditugu. Euskal Herrian arituko gara, eta oso gogotsu gaude. Lore antzokietan aurkeztu dugu, eta soilik udarako plaza pare bat egin ditugu orain arte. Ea jendeak nola jasotzen duen disko berria.
Horrenbestez, lehen plazetako bat izango al da Arrasatekoa?
Bai, lehenetarikoa. Arrasaten eman genuen, gainera, gure lehendabiziko kontzertuetako bat hasiera hartan, eta berezia izango da orain itzultzea. Espero dugu harrera ona izatea.