Zazpi egun, nahi beste musika emanaldi

Hasier Larrea 2025ko eka. 20a, 08:40

Atsedenik gabeko egunak datozkie arrasatearrei, zuzeneko kontzertuz jositakoak. Egitarauan ohiko bihurtu diren proposamenekin batera, nobedadeak ere egongo dira sanjuanetan. Herriko eta bailarako taldeek protagonismo handia izango dute, gainera.

Gaur hasi eta datorren ostegunera arte, hainbat izango dira erdiguneko oholtzetara igoko diren musika taldeak. Jarraian dator aletuta aurtengo gonbidatuen informazio laburra eta non eta noiz joko duten.

EKAINAK 20 / 18:30 / AMAIA ANTZOKIA

ARRASATE MUSIKAL

Musika Eskolako ikasleek urtetik urtera findu dituzten dohainak erakutsiko dituzte, ikasturte bukaerako kontzertuan.

 

HILAK 20 / 19:00 / ERDIGUNEA

EIN GO

Ibarrangelukoak kalejiran irtengo dira arratsaldea girotzeko, Euskal Herrian sustraitutako abestiak oinarri.

 

HILAK 20 / 21:30 / HERRIKO PLAZA

SEI PISTOLS ETA TRABUKO BAT

Euskal kanta tradizionalak plazaratzen jarraituko dute herrian ondo ezagunak diren musikari beteranoek; oraingo honetan, oholtza gainean.

 

HILAK 21 / 22:00 / TXOSNAGUNEA

SUKENA

Jaietako zapatu gaua berezi egingo duen taldeetako bat izango da Oñatiko seikotea. Sona handiko kantuak konposatu dituzte 2020tik hona, pop-rock fresko eta indartsuan errotutakoak. Hiru single eta disko bat, Guztia gordetzea ezinezkoa da, kaleratu dituzte jadanik, publiko gaztearen aldetik harrera paregabea jasota. Gazte Olinpiadetako nekeak alde batera utzi eta dantzan jarriko dituzte festazale arrasatearrak.

LOS ZOPILOTES TXIRRIAOS

Eta oholtzara Sukenaren ondotik igoko direnek ere astinduaraziko dizkiete gerriak txosnagunera bertaratzen direnei. Edozein herritako jaietan ongietorria da Iruñean sortutako rantxera taldea, zigilu propioa daukan Napar-Mex estiloarekin. 2011tik hona lau lan luze aurkeztu dituzte, azkena, La chica maravilla. Siete mares, Entre achunes y culebras eta Valentina pieza ezagunen egileek, Konejo abeslaria buru, hankaz gora utziko dute Kondekuako belardia.

 

HILAK 22 / 19:30 / TXOSNAGUNEA

BAT BAT BI

Arrasate eta inguruko jai egitarauetan sarritan agertzen den izena. Zuzenekoetan ikuskizuna ematen trebeak, punk-rocker horiek azkar eta zikin jotzen dute. Etxeko berotasunean arituko dira domekan, biharamunak altxatzeko gogoz.

NO LIMITS

Ekinez jaialdian eta Pentekosteetan jo ostean, azeleragailua sakatzeari uzteko asmorik ez dute bergararrek. Hilabete zeharo mugituak daramatzate, zuzenekoz kargatuta, Norantza aurkitu nahian diskoari sekulako zukua ateratzen.

 

HILAK 23 / 00:00 / TXOSNAGUNEA

AHANTZI

Tolosaldeko erromeria taldeak astelehenetik astearterako gauerdiari soinu alaiak jarriko dizkio. Aurtengo udaberrian ekin diote plazaz plazako ibilbideari.

San Juan bezperan egongo da musika gehiago, ordea, Oihan Vegak disko-festa eroango baitu Seber Altube plazara, 18:30ean hasita.

 

HILAK 24 / 13:00 / MONTERRON PARKEA

ARRASATE MUSIKALEN MUSIKA BANDA

Herriko musika bandaren urteko ekitaldi ikusgarrienetakoa da San Juan eguneko eguerdian Monterron parkeko oholtza handian taularatzen duena. Aurten ere errepertorio txukunarekin azalduko dira musikariak, adin guztietako herritarren gozamenerako.

 

HILAK 24 / 18:00 / TXOSNAGUNEA

EME.KI

Aretxabaleta eta Eskoriatzako hirukoteak soinu eta pandero doinuekin dihardu han eta hemen kantuan duela hilabete gutxitatik. Haur eta familientzako ekintzek jarraipena izango dute emakumezko gazte horien abesti dantzagarriekin.

TXIT KARRAMARRO

Rukula taldea eredu hartuta, talde alai, instrumental eta dantzagarria sortu dute Jasan eta Nhil taldeetan aritzen diren Aretxabaletako hiru musikarik. Gitarra, baxu eta bateriari bestelako hotsak ateratzen dizkiote proiektu berri eta interesgarri horretan.

 

HILAK 24 / 19:30 / ERDIGUNEA

GARIN BAND

Eszenario gainean baino gehiago, kalez kale ibiltzea gustatzen zaio haize-instrumentuak nagusi diren taldeari. Erdiguneko txoko guztietatik entzun ahal izango dira euren doinu alaiak. Sanjuanetan hutsik egiten ez duen hitzordua hori ere.

 

HILAK 24 / 23:15 / MONTERRON PARKEA

EL DROGAS

Arrasateko Udalak mimo handiz prestatzen duen ekitaldia izaten da San Juan eguneko gauean Monterron parkean egiten dena. Gau luzea magiaz betetzeaz El Drogas (Enrique Villarreal) arduratuko da aurten. Barricada taldearekin ezagun egindako baxu-jole eta abeslariak 2012an ekin zion bakarkako ibilbideari. Azkenaldian, gainera, Barricadaren 40. urtemuga aitzakiatzat hartuta, keinu ugari egiten dizkio banda mitikoari zuzeneko emanaldietan.

 

HILAK 24 / 23:15 / HERRIKO PLAZA

OXABI

El Drogasen kontzertuaren une berean hasiko da galdakoztarren erromeria. Gustu hartua diote sanjuanetan etortzeari; behin Herriko Plazako oholtzara igota, martxa betean jotzen dituzte euskal kantu entzutetsu ugari. Erraz nekatzen ez diren horietakoak dira, erromeria talde batek behar-beharrezkoa duen ezaugarria.

 

HILAK 25 / 22:00 / TXOSNAGUNEA

PERLATA

Bi urtetik behin ekartzen dute arrasatearrek disko berria altzoan; azkena, 2024an ateratako Alosia. Kuirpunk-aren erritmoan astinduko dituzte musika-tresnak, ohi bezala, barruan duten guztia ateratzeko intentzioarekin. Sanjuanen testuinguruan joko duten hiru kontzertuetako bat izango da, 21ean Eibarren eta 27an Hernanin arituko baitira.

BIZNAGA

Madrildarrek gustua hartu diote Euskal Herrira etortzeari; izan ere, eta haiek onartu bezala, asko gustatzen zaizkie bertako musika-eszena eta agertokiak. Erreibindikazioz eta amorruz jositako geziak jaurtitzen ditu punk-rock estiloko taldeak kantuetan, inplikazio sozial handiz betetako hitzen bitartez.

LES TESTARUDES

Iaz Mondra&Roll jaialdian eta aurten sanjuanetako txosnetan, ska, rocksteady eta reggaearen maitale katalunek ere arrastoa utzi dute gurean. Bederatzi kide arituko dira oholtza gainean, emakumeek musikaren munduan gero eta toki handiagoa dutela aldarrikatzeko, besteak beste.

 

HILAK 25 / 22:30 / HERRIKO PLAZA

ESTAMPAS DE MEXICO

Mariatxiekin ere gozatzeko aukera egongo da sanjuanetan, nola ez. Gainera, errazio bikoitza eskainiko du Estampas de Mexico taldeak. Izan ere, gaueko kontzertuaren aurretik, kalejiran irtengo dira arratsaldean, 20:00etan hasita, erdigunetik.

 

HILAK 26 / 20:00 / HERRIKO PLAZA

JANUS LESTER

Jokin Pinacho beratarraren pop kutsuko proiektu pertsonal eta bereziarekin bukatuko dira aurtengo jai nagusiak. Lore du izena iaz argitaratutako bigarren lan luzeak. Kolaborazioak egiten ditu sarritan euskal eszenako artistekin, baita Arrasateko musikariekin ere. Ziur izango duela sorpresaren bat jakan gordeta.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak