Iazko arrakastari eustera dator Gazte Olinpiaden bigarren aldia, zapatuan

Julen Murua Mesonero 2025ko eka. 19a, 17:32

Iazko Gazte Olinpiadetako finalaren une bat.

Denera 866 arrasatearrek hartuko dute parte zapatuko Gazte Olinpiadetan. Goizean goizetik hasita, herriko lau txokotan lehiatuko dira elkarren aurka; finala txosnagunean izango da, 19:30ean. Egunean zehar barra zerbitzua egongo da.

Iaz izan zuen arrakasta ikusita, Gazte Olinpiaden bigarren edizioa egingo dute aurtengo San Juan jaien barruan. Ehunka gazte ibili ziren egun osoan nor baino nor gehiago herriko hainbat txokotan, eta ekimenari jarraipena ematea erabaki dute antolatzaileek. Are gehiago, onartzen dute lehenengo urtetik bazekitela hainbat edizio izango dituela ekimenak: "Gazte Olinpiadak antolatzen hasi ginenetik argi geneukan ez zela urtebeteko kontu bat soilik izango. Espero dugu luzaroan jarraituko duen ekimena izatea, eta, aurtengo edizioan guztia ondo joanez gero, datorren urtean hirugarren edizio bat egotea". Hala ere, iaz jasotako harrerak indar handia eman zien aurten ere antolatzeko. "Iazko arrakastak indar handia eman digu; izan ere, lehenengo edizioa izanda, esperimentu antzeko bat izan zen, eta ez genekien zenbateraino gozatu zezakeen jendeak egunean bertan. Oso ongi atera zen guztia, eta herritarren erantzunak asko poztu gintuen", adierazi dute antolatzaileek.

Parte hartzea handitzen

Guztira 56 kuadrillak hartuko dute parte Gazte Olinpiadetan; 866 pertsonak

Lehenengo edizioa arrakastatsua izatea "errazagoa" dela diote arduradunek; izan ere, egitarauko berritasunetako bat izanda, "jendea parte hartzeko gogotsu" egoten da, eta horrek "eragina" izan zuen iaz. Hala, aurtengo ediziora begira "beldur" apur bat bazuten ere, "oso pozik" daude parte hartzearekin: "Jendea oso motibatuta atera zen iazko ediziotik, baina bagenuen beldur txiki bat; alegia, kuadrillaren batek iaz probatu eta aurtengo Olinpiadetan izenik ez ematea. Halere, ez da halakorik gertatu, eta oso pozik gaude parte hartzaile kopuruarekin; izan ere, 56 kuadrillak eman dute izena; zehazki 866 pertsona ibiliko dira. Oso pozik eta oso eskertuta gaude, atzetik badagoelako lan handia eta herritarrek ikusten dutelako hori".

 

Egun osoko ekintzak

Eguna indarrarekin hasteko gosaria egingo dute, 09:30ean, eta zukua, fruta, esnea, kafea... denetarik hartu ahalko dute parte hartzaileek, 10:00etan gaiteroekin beroketa saioak egin aurretik. 10:45ean, Zaldibarren kuadrillen arteko asistentzia-kontrola egingo dute, eta bakoitzetik, gutxienez, hamar taldekidek agertu beharko dute.

Parte hartzaile guztien presentzia ziurtatuta, 11:00etan ekingo diote Gazte Olinpiaden bigarren edizioari. Kuadrillak lau gunetan banatuko dira –Biterin, Zaldibarren, Jokin Zaitegin eta Herriko Plazan; toki bakoitzean hamalau kuadrilla egongo dira–, eta guztiek guztien aurka jokatuko dute. Parte hartzaile guztietatik erdia arratsaldeko zatira igaroko da; hala, Arrasate Rugby Taldearekin elkarlanean antolatutako bazkariaren ostean, final laurdenak jokatuko dituzte, 17:00etan, Biterin eta Zaldibarren. Gero, 18:00etan, finalerdiak jokatuko dira, Zaldibarren, eta 19:30ean, Incansables txarangarekin batera txosnagunera joango dira parte hartzaile guztiak, Gazte Olinpiadetako finalera. Antolatzaileek aurreikusten dutenez, finala "oso handia" izango da. Jolasak sortzeko orduan "nahiko originalak" izan direla uste dute, eta "parte hartzaileek zein ikusleek" gozatzeko bezalako finala izatea espero dute.

Dagoeneko azken xehetasunak eta barne antolaketa kontuak zehazten ari dira arduradunak, eta iazko akatsak ez egitea eta ondo joan zen guztia errepikatzea da euren asmoa. Egindako akats haiek saihesteko, antolatzaileek adierazi dute "gune bakoitzean hiru epaile" egongo direla, eta prestatutako jolasak "arbitratzeko argiak" izango direla, "gaizki-ulertuak ekiditeko". Arratsaldean jolas gutxiago daudenez eta talde asko Olinpiadetako zati horretara igarotzen ez direnez, epaile kopurua "handiagoa" izango da.

Barra zerbitzua

Mondraterekin elkarlanean, barra zerbitzua egongo da Biterin eta Zaldibarren

Iaz egin bezala, aurten ere barra zerbitzua egongo da herriko hainbat txokotan. Iaz, ezjakintasuna zela eta, kuadrilla askok latak erosi zituzten egunean zehar kontsumitzeko. Aurtengo edizioko helburuetako bat da kuadrillek eramandako lata kopurua jaistea, eta, hortaz, herritarrei eskatu diete barran kontsumitzeko. Biterin eta Zaldibarren jarriko dituzte barrak; arratsaldeko jolasak jokatuko diren tokian, hain justu. "Mondratekoekin elkarlanean jarriko ditugu barrak, eta herritarrak barrara etortzea bada eurei eta guri laguntzeko modu bat; hortaz, latak ez erostera eta barran kontsumitzera gonbidatzen ditugu herritarrak".

Sariak eta zozketak

Gazte Olinpiaden bigarren edizioko parte hartzaileen artean hainbat sari banatuko dituzte antolatzaileek, kuadrillak sailkapenean lortu duen postuaren arabera. Gainera, zozketa bidezko sariak ere banatuko dituzte. Honako hauek dira sailkapeneko postuen arabera banatuko dituzten sariak: Gazte Olinpiaden bigarren edizioko kuadrilla irabazleak Ekain-xokoa landetxean asteburu bat igarotzeko aukera izango du; bigarren sailkatuak Uxarte jatetxean bazkari bat irabaziko du, igerileku zerbitzuarekin; hirugarrenak Arrasateko hainbat komertziotako produktuz osatutako saski potolo bat irabaziko du; laugarren sailkatuak datorren urterako izen ematea dohainik izango du; animazioari, giroari eta estetikari dagokionez talde onena izaten denak kubata-erronda bat dohainik izango du Osorik tabernan; eta, azkenik, azkenengo sailkatuak Heiz likore-botilak jasoko ditu.

Bestalde, parte hartzaile guztien artean honako sari hauek zozketatuko dituzte: Mondra&Roll musika jaialdirako hiru sarrera bikoitz, Maitia arropa-dendan erabiltzeko bonua eta Oreka dendako gozoetan gastatzeko bonua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak