Sanjuanetan indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak jarriko ditu Emakume Txokoak

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko eka. 18a, 09:54

San Juan jaiak aurkezteko prentsa agerraldia.

Arrasateko Udaleko Feminismoa eta LGTBI+ Sailak eta Emakume Txokoak, sanjuanei begira, indarkeria matxistarik gabeko aldarria egitearekin batera, hainbat euskarri eta baliabide plazaratuko dituzte, hala nola indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea, arreta puntua edota arretarako telefonoa.

Arretarako telefono zenbakia iazko berbera izango da, hau da, 688 80 91 37 zenbakia. Zapatuan 20:00etatik hasi eta eguazteneko 08:00etara egongo da erabilgarri eta laguntza eskatu ahal izango da horra deituta. Halaber, informazioa edo aholkuak emango dituzte. Telefonoa erabilgarri egongo da emakumeentzat edota LGTBIQ+ pertsonentzat.

Horrekin batera, Indarkeria matxisten prebentziorako eta sentsibilizaziorako gunea Arbolapetan egongo da, ekainaren 21ean, 22an, 23an eta 24an, 20:00etatik 00:00etara. "Indarkeria matxistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak egongo dira laguntza, informazioa edota aholkularitza zerbitzua emateko", azaldu dute Emakume Txokoko kideek.

Gune horren helburuak, besteak beste, honako hauek dira: "Emakumeak eta herritarrak, oro har, indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea; emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipenak, iritziak eta interesak jasotzea; babes eta elkartasun gune bat sortzea eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak ematea; erasotzaile izan daitezkeenei ohartaraztea dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela; eta emakumeek haien burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea, eta horretarako bitartekoak eta lan tresnak ematea".

Arreta puntua Gazte Bulegoan

Bestalde, jaietarako propio, arreta puntua egongo da Gazte Bulegoan, ekainaren 21tik 24ra, 00:00etan hasi eta 08:00ak arte. "Emakumeek* eta neska* gazteek jaietan, indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzeaz gain, arreta, babes zein elkartasun gune bat izango da. Indarkeria sexistan eta autodefensa feministan emakume adituak egongo dira. Horrez gain, espazioa irekita egongo da ere, LGTBIQ+ komunitateak jaso dezakeen erasoen aurrean", adierazi dute udal ordezkariek.

Koordinazioa eta lankidetza

Emakume Txokotik ematen dituzten baliabideak eta euskarriak bestelako zerbitzu eta protokoloekin koordinaturik joango dira, hala nola Udaltzaingoarekin eta Gizarte Zerbitzuekin. Bestetik, San Juan jaietara begira, bi koordinazio gune nagusi jarri ditu Udalak. Bata, udal teknikari, politikari eta udaltzainen artekoa; eta, bestea, mugimendu feminista eta udal ordezkarien artekoa. Arrasateko Udalak diskriminaziorik gabeko jaiak aldarrikatu ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak