Arrasaten aparkaleku "asko galdu" dira azken urtean, EAJren esanetan. "Obraren erdia baino gehiago jada aurreratuta dagoenez, Udal Gobernuak ezin du gehiago atzeratu irtenbideen planifikazioa. Horregatik, uste dugu garaia dela aparkaleku berriak martxan jartzeko, batez ere, Doneztebe Portuko atzeko aldean, non 70 plaza inguru sor daitezkeen". Duela urtebete egin zuten eskaera hori.
Halaber, gogorarazi dute auzo horretan ez dagoela lurpeko aparkalekurik, eta horrek egoera "larriagotu" egiten duela. "Izan ere, aparkaleku falta, printzipioz, bertako bizilagunei eragiten dien arazoa dela pentsatu daitekeen arren, laster, ingurukoei ere eragingo die". Hori dela eta, irisgarritasuna eta auzotarren bizi-kalitatea hobetu gura dute jeltzaleek.
Santa Marinan erabilerarik gabeko azera zati bat egokitzea proposatzen dute jeltzaleek, eta aparkaleku bihurtzea. "Santa Marina kalean 20 plaza berri sor litezkeela kalkulatzen dugu. Beraz, guztira, 90 plaza berriren sorkuntza posible litzateke. Oraindik garaiz gaude, baina ezin dugu gehiago itxaron. Herritarrek konponbideak behar dituzte", adierazi du talde jeltzaleak.