Sekulako arrakasta izan du Mara San Joseren aldeko txapelketa solidarioak eta, esan moduan, sarreretatik 1.500 euro lortu dituzte, gutxienez, Izan ere, tabernako kontuak egindakoan beste horrenbeste lortzea aurreikusten dute Mondrako kideek.
Diru hori, esan moduan, ikerketara bideratuko dute, baita txikiak behar dituen terapietara ere. "Askotariko terapiak behar izaten ditu gure alabak: arreta goiztiarra, logopedia, fisio eta abar", azaldu dute Susana Garciak eta Diego San Jose, Mararen gurasoek.
Era berean, "oso hunkituta" azaldu dira txapelketak izan duen harrerarekin. "Sekulakoa da guretzat. Jendea asko ari zaigu laguntzen eta guretzat oso hunkigarria da ikustea hau guztia gure alabagatik egiten dutela. Ez daukagu hitzik sentitzen duguna adierazteko".
Reala irabazle
Kirol arloari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko hamabi talde aritu dira –2013an jaiotakoak–, tartean Mondra eta Bergara. Realak eta Santutxuk jokatu dute finala eta donostiarrak penaltietan irabazi dute txapelketa. Bestalde, nabarmentzekoa da Mondraren laugarren postua, hirugarren postuagatiko lehian Baskoniaren aurka galdu badute ere.
Xabi Etxeberria Mondrako presidentea pozik azaldu du txapelketak emandakoarekin. "Mondraren laugarren postuari balioa ematen diot, noski, baina kirol emaitzaz harago, dena oso ondo joan da eta gainontzeko taldeetako ordezkari eta gurasoek ere zoriondu egin gaituzte egindako lanagatik. Beraz, pozik gaude", azpimarratu du.
Astelehenean, Goiena telebistako Harmailatik saioan ikusi ahal izango dira txapelketak emandako xehetasun guztiak.