Bihar, zapatua, kontzertua joko du Kuttune musika taldeak Monterron parkean, 19:30ean hasita. Bederatzi musikarik osatzen dute Kuttune taldea, eta folka jorratzen dute. Are gehiago, 2022an Folkez Blai lehiaketaren irabazlea izan zen Kuttune taldea. Nerea Quincoces Ochoa perkusionistak sortu zuen proiektua, eta hura da abeslaria, perkusionista eta kantuen moldatzailea gaur egun; Quincocesez gain, honako hauek osatzen dute Kuttune taldea: Jordi Arcusa (baxu-jotzailea), Charlie Santiago (abeslaria), Irene Gil de Soto (txirula-jotzailea), Aingeru Torre (saxofoi-jotzailea), Pablo Davila (klarinete- eta alboka-jotzailea), Tania Loza (piano-jotzailea), Pablo Bueno (gitarra-jotzailea) eta Unai Olabarri (bateria-jotzailea).
2021a ezkero sortzen
Kuttune taldeak hainbat tokitako herri musikak fusionatzen ditu abestietan; besteak beste, Euskal Herrikoa, Afrika mendebaldekoa, Ekialde Hurbilekoa eta Latinoamerikakoa uztartzen ditu. 2021ean argitaratu zuten lehenengo diskoa: Hauxe da! Hamaika abestiz osatutako lan luzea. Gerora, sortzen jarraitu zuen taldeak, eta 2023an euren bigarren lan luzea argitaratu zuten, Zer ote da? izenpean. Hamabi abestiz osatutako lana da, eta urteetan askoren belarrietan egon diren kantuak, dantzak, erritoak eta poemak lantzen dituzte. Urte hauetan guztietan sortu dituzten kantu guztiez gain, berrikuntzaren bat ere eramango dute Monterronera; izan ere, 2025eko apirilean jarri zuen entzungai Kuttunek La grieta, taldeak argitaratu duen azken singlea.