Kattalin Miner: "LGTBIQ+ pertsonen ahotsak entzunak izatea aitortza historiko bat da, nolabait"

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko eka. 13a, 10:04

Kattalin Miner, Eihera kooperatibako kidea eta Arrasateko LGTBIQ+ diagnostikoaren arduradunetako bat.

Arrasateko LGTBIQ+ diagnostikoaren emaitzak aurkeztuko dituzte gaur, egubakoitza, 19:00etan hasita, Kulturateko klaustroan; Eihera kooperatibak egin du diagnostikoa. Diagnosiaren arduradunetako bat da Kattalin Miner (Hernani, 1988).

Lehenik eta behin, nola joan da diagnosia egiteko prozesua?

Oso esperientzia aberasgarria izan da; batez ere, orain arte herri txikiagoetan aritu izan garelako lanean. Lehen herri handia izan da guretzat, eta horrek ertz asko ireki dizkigu; esaterako, auzoek herri baten baitan duten garrantzia. Bestalde, konturatu gara Arrasatek baduela genealogia eta historia LGTBIQ+ historiari lotuta, eta arakatzeko asko geratu zaigu. Beraz, oso ondo joan dela uste dugu; jende askok hartu du parte eta ikusten dugu bide asko ditugula oraindik lantzeko.

Eragileen parte-hartzea ezinbestekoa zela zenioten; horrela izan da?

Bai. 84 herritarren testigantzak jaso ditugu; hamalau norbanako, hamaika eragiletako ordezkariak eta Udalari lotutako beste lau saio. Gustatzen zaigu norbanakoekin elkarrizketa-sakonak egitea, baina guretzako ezinbestekoa da herriko mugimendu sozialek eta kultura eragileek prozesuan parte hartzea. Azken batean, LGTBIQ+ diagnostiko bat ez da LGTBIQ+ pertsonentzako neurriak diseinatzeko bakarrik, baizik eta herri guztiarentzako. Hori dela eta, herriko askotariko arloetan dabiltzanen bizipenak jasotzea funtsezkoa da, eta hori egin dugu.

"Norbanakoez gain, herriko askotariko arloetan dabiltzanen bizipenak jasotzea funtsezkoa da, eta hori egin dugu"

Zeintzuk dira diagnosi horretan ateratako ondorio nagusiak?

Asko dira. Batzuk aipatzearren, alde batetik, ikusi dugu herri mailan badagoela LGTBIQ+ errealitate bat eta badagoela sentsazio bat herri askea dela, bizitzeko herri atsegina dela. Sentsazio orokortu bat da, eta guretzako inportantea da gauza horiek azpimarratzea, badirudielako horrelako diagnostiko batean gauza negatiboak bakarrik atera behar ditugula. Baina, aldi berean, ikusten dugu ikusgarritasun eta erreferentzialtasun falta bat badagoela, eta hor indarra egin behar dugula. Halaber, jarduera kolektiboetan, LGTBIQ+ pertsonentzat edo, behintzat, genero arauak hausten dituztenentzat espazio erosoagoa sortzea falta da.

Sexiliatuak identitate edo orientazio arrazoiengatik kanpora joan direnak dira. Alde horretatik, atera duzue ondoriorik?

Beste herri batzuetan gertatzen denarekiko, ezberdina dela esango nuke. Besteak beste, ikusi dugu une baterako edo behin-behineko sexilio asko dagoela; adibidez, ikasketa garaiei lotuta. Era berean, Arrasaten bizi arren, aisialdiari eta kulturari lotutako ohitura asko ikusi ditugu; hau da, herritik irteten direla beste giro batzuen bila.

Eguneroko esparruak jorratu dituzue, ezta? Eskola, etxea, aisialdia, lagunartea…

Hezkuntza arloa izan da bereziki interesgarria. Koordinazio eta lanketa berezi bat beharrezkotzat jo dugu arlo horretan. Izan ere, eskolak jarraitzen du izaten LGTBIQ+ pertsonendako kontrako leku bat, ez-segurua, eta ezinbestekoa da hor lanketa indartzea. Baina, era berean, ikusten dugu hezkuntza ez-formalean oso espazio interesgarriak daudela nerabe eta gazteentzat, baita hezitzaileentzat ere, Txatxilipurdiren bueltan dagoen guztiarekin, eta horri ere balioa ematen diogu. Arnasgune handia da hori.

"Eskolako jarraitzen du izaten LGTBIQ+ pertsonendako kontrako leku bat, ez-segurua, eta ezinbestekoa da hor lanketa indartzea"

Lan-arloari ere erreparatu diozue.

Bai. Arrasaten halako ibilbide kooperatibista egonik, begiratu gura izan diogu horri ere. Izan ere, konturatu gara elkarrizketatu ditugun LGTBIQ+ pertsona guztiek errepikatzen zigutela armairura itzuli izan direla lan-arloan. Beraz, garrantzitsua da hor gako batzuk aurkitzea, horri buelta eman ahal izateko.

Zer garrantzi du halako diagnostiko bat egiteak?

Guztiondako politika publikoak diseinatzeko aukera baten aurrean gaude, nolako herria gura dugun pentsatzen joateko. Horrez gain, historikoki zilegitasun handirik eman ez zaien ahots batzuk lehen pertsonan jartzea ere bada. Ahalduntze pertsonal eta kolektibo interesgarriak izaten dira halako prozesu batean, eta mugitzen hasten dira orain arte isilik egon izan direnak. Haientzat oso onuragarria da euren ahotsak entzunak izatea; aitortza historiko bat da, nolabait.

Saretzea inportantea dela diozu.

Zalantzarik gabe. Asko sustatzen dugu hori; hau da, haiek ikustea ez daudela bakarrik, eta elkar ezagutzea.

Zeintzuk dira hurrengo pausoak?

Atera ditugun ondorioekin, irailetik aurrera ekintza-plana martxan jartzea da asmoa, eta orain, Udalak finkatu beharko ditu lehentasunak. Baina, gure ustez, inportantea da LGTBIQ+ planak begirada zabala izatea, ikuspegi guztiak kontuan hartzea. Gainera, uste dugu motz geratu zaigula prozesu hori, ahots asko jasotzea falta zaigulako oraindik. Beraz, horretan jarraituko dugu, memoria jasotzen, partekatzen, saretzen eta transmititzen.

"Inportantea da LGTBIQ+ planak begirada zabala izatea, ikuspegi guztiak kontuan hartzea"

Gaurko saioa nolakoa izango da?

Ekitaldi laburra izango da, eta azalduko dugu hilabete hauetan guztietan zertan aritu garen. Hau da, Divina Comediak aurkeztuko du eta Morbor taldeko kideek eta Emakume Txokoko kideek hartuko dute hitza, baita Eiherako kideok ere. Ostean, kalejira bat egingo dugu, musikarekin, informazioa emanez. Nork bere herriari beste prisma batetik begiratzeko aukera paregabea izango da, eta ziur nago sorpresa batzuk ere hartuko dituztela. Beti da aberasgarria besteak entzutea, LGTBIQ+ pertsona izan edo ez.

Erlazionatuak

Arrasateko LGTBIQ+ diagnostikoa aurkeztu dute

Eneko Azurmendi Barrena eka 13, 20:40 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak