Lehenengoz egingo duten Errugbi Txapelketa Herrikoiari buruzko xehetasunak izan ditu berbagai Ihabar Arriaranek (Arrasate, 1991). Arrasate Rugby Taldeko zuzendaritza batzordeko kideetako bat da egun.
Nondik sortu da ideia txapelketa hori egiteko ideia?
Duela lau bat urte, zuzendaritza berriarekin lanean hasi ginenean, urteurrenaren harira irten zen ideietako bat izan zen eta garai hartan ezin izan genuen egin, beste gauza batzuk lehenetsi behar izan genituelako. Baina aurten aurrera egin dugu, Garagardo Azokaren 25. urteurrena aitzakiatzat hartuta. Beraz, aurtengo berrikuntza nagusia hori izango da.
Zazpiko errugbi txapelketa ordezkatuko du; txapelketa hura agortuta zegoela esan daiteke?
Bai. Azken urteetan geroz eta talde gutxiago etortzen ziren. Izan ere, errugbiko denboraldia gogorra izaten da eta horren ostean zazpiko errugbi txapelketa jokatzea gogorra izaten zen askorentzat. Hori dela eta, indarra galtzen joan zen eta bere horretan uztea erabaki genuen.
Hogei talde eta 206 pertsona; espero zenuten halako erantzuna?
Egia esan, ez. Espero genuen jendea animatzea, baina 150 bat pertsona aurreikusten genituen, asko jota. Sorpresa izan da.
Eta horrek nola eragingo dizue?
Ez da arazo bat. Garagardo gehiago eraman beharko ditugu Mojategira, hori bai [Barre].
Arrasatearrak bakarrik dira ala debagoiendarrak ere bai?
Nagusiki, arrasatearrak dira, baina baita aretxabaletarrak, elorriarrak eta beste herri batzuetatik etorriko direnak ere.
Klubera jende berria erakartzea izan daiteke helburuetako bat?
Zalantza barik. Gura duguna da jendeak aitzakia edukitzea errugbia probatzeko, eta, txapelketaren ostean norbait klubera etortzen bazaigu, oso pozik hartuko dugu.
Bereziki emakumezkoak erakarri gura dituzue, ezta?
Hori da. Izan ere, datorren denboraldira begira, emakumezkoen talde propioa sortu gura dugu, beste herri batzuekin taldea elkarbanatu beharrean. Beraz, indar berezia jartzen ari gara horretan.
Eta emakume askok eman dute izena?
Bai, batzuek bai. Oso erantzun ona izan du emakumeen izen-emateak. Kasu honetan, herriko txapelketa mistoa izango da.
Herritar guztiek jokatzeko moduko txapelketa izango da, ezta?
Bai, eta hori da txapelketaren helburu nagusia, gainera. Izan ere, errugbiak badu gogorra izatearen fama, eta herritarrek begirada hori aldatzea gura dugu. Errugbia oso joko polita da, kontaktuarekin zein kontakturik gabe, eta hori erakutsi gura dugu.
Kasu honetan, kontakturik gabe izango da; nola egingo da hori?
Errugbiko arau berak izango dira, baina plakaketa barik. Hau da, aurkariak eskuarekin ukitzerakoan, baloia eskuetan daukanak lurrean utzi beharko du, eta beste taldeko norbaitek jarraituko du jokoarekin. Ukitu kopuru bat zehaztuko dugu bihar bertan, eta kopuru horretara iristean, baloi jabetza aldatu egingo da.
Kontuan hartzeko beste ezer badago?
Aldi berean lau partidu jokatuko ditugu, bi zelaien zabalera hartuta. Zazpi jokalari arituko dira talde bakoitzean, eta aldaketak gura beste egin ahal izango dira, edozein momentutan. Seguruenik, zazpi minutuko bi zati izango dira.
Arau horiek zuek asmatu dituzue? Baduzue erreferentziarik?
Touch rugby deritzon modalitate bat dago, mundu mailako txapelketa bat ere baduena, eta hor erabiltzen dituzten arauak izango dira, azken batean. Izena eman duten taldeei bidali diegu arauei buruzko informazioa.
Ze formatu izango du?
Hogei talde izanik, bost taldeko lau multzo egin ditugu eta multzo bakoitzetik lehen bi taldeak sailkatuko dira hurrengo faserako. Hortik aurrera, kanporaketak egingo ditugu.
Txapelketa festa giroan jokatzea gura duzue, ezta?
Argi eta garbi. Horretarako, parrilla bat jarriko dugu eta jatekoa eta edatekoa egongo da une oro. Gainera, musika egongo da, baita hirugarren zati ospetsua ere.
Ze gomendio emango zenieke parte-hartzaileei?
Ondo pasatzeko eta disfrutatzeko asmoz etor daitezela.
Eta herritarrei?
Mojategira joan daitezela, han sortuko den giro bikainaz gozatzera. Gero, esan moduan, hirugarren zatia izango dugu eta elkarrekin ospatuko dugu.
Zeintzuk izango dira sariak?
Batetik, talde irabazleko taldekide guztiek dohainik afalduko dute Garagardo Azokan. Bigarren talde sailkatuarentzat eta gure ustez talde graziosoena izan den taldearentzat garagardo-erronda bat izango da karpan.
Datozen urteetara begira, geratzeko etorri den txapelketa da?
Hori da asmoa. Edozelan ere, ikusi egin beharko dugu nola doan biharkoa eta ea ondo funtzionatzen duen.
Garagardo Azokaren 25. edizioa; zer nabarmenduko zenuke?
Geroz eta arrakasta handiagoa duen ekimena da, zorionez, eta oso giro polita sortzen da urtero, musika-talde onak igotzen baitira karpako oholtzara. Gainera, oso garrantzitsua da gure klubarentzat, alde ekonomikoari begiratuta. Beraz, debagoiendar guztiak animatu nahiko nituzke azokaz gozatzera.
Aitortza SUDC elkarteari
Azokaren 25. edizioa baliatuta, aurrerantzean, ARTk aitortza egingo dio herriko eragile bati, lan boluntarioa, errespetua, tolerantzia eta berdintasuna aintzat hartuta. Aurten, SUDC elkarteari egingo diote, gaur, 21:00etan, karpan