2.300 garagardo litro eta 600 botilatxo dituzte prest dagoeneko azokarako. Jakiei dagokionez, klub zuri-moreak 1.800 ogi, 570 txerri-ukondo baino gehiago, 220 oilasko, 1.300 saltxitxa baino gehiago eta hamalau patata kaxa erosi ditu, Herriko Plazako karpan kozinatzeko. "Kopuruak iazkoen antzekoak dira", dio Arrasate Rugby Taldeko presidente Ramon Barrutiak.
Ohi moduan, herri kirolak egin dituzte, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean. Gero, pintxo-potearen ostean, sukaldea martxan jarri dute. Afaria girotzeko, Glutenbakuak musika taldearen emanaldia izango da eta, ohi bezala, udal ordezkariek karpan afalduko dute.
Gainontzeko bi egunetan, bihar eta etzi, 19:00etan izango da irekiera ordua, eta afariak 20:00etan hasita zerbitzatuko dituzte. Egubakoitzean, Banana Shake boskote arrasatearrak kontzertua egingo du. Horrekin batera, SUDC elkarteari egingo diote 21:00etan, karpan. Izan ere, aurrerantzean, ARTk aitortza egingo dio herriko eragile bati, lan boluntarioa, errespetua, tolerantzia eta berdintasuna aintzat hartuta.
ARTko kideek azaldu dutenez, zapatua izango da egunik potoloena izango da. 14:00etan hasita, bazkariak zerbitzatuko dituzte: paella, oilaskoa eta postrea, han jateko edo eramateko. Horrez gain, dantza herrikoia egingo dute alde zaharreko kaleetan barrena, eta Arrasate Musikaleko talde inklusiboko gaiteroek ere emanaldia egingo dute. Ilunabarrean, disko-jartzaile batek girotuko du karpa.