Puntua aldizkariaren 457. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Azken sei urteetan egindako ikerketa baten emaitza da Naturtzaindiak argitaratu berri duen Gipuzkoako kiropteroen atlasa izeneko liburua, lurraldean dauden saguzarrak ardatz dituena. Egileen artean dago Naiara Corcuera arrasatearra.
Esan daiteke Gipuzkoako kiropteroen atlasa behin betikoa dela?
Sei urtean Gipuzkoa osoan egindako sekulako lanari esker lortutako datu guztiak sartu ditugu bertan, eta argitaratzea erabaki dugu; bestela, kontua asko luzatu daiteke. Aurrerago berrikusketa egitea eskatuko du, noski, baina, oraingoz, horixe da azken emaitza.
Zein lan egin duzue sei urtean?
Esan behar da atlasak sei urteko lana jasotzen duela, baina Naturtzaindia duela hamar urte inguru hasi zen saguzarrekin lanean. Landa-lana, hasteko; Gipuzkoa bost kilometro karratuko laukietan banatu dugu. Lurralde osoa aztertu dugu, baina Natura 2000 Sarearen baitako eremuetan esfortzu handiagoa egin dugu; Aizkorriko Natur Parkean, esaterako. Mendian hainbat teknika erabili ditugu. Detektagailuekin joatea izan da errazena: mugikorretan jartzen dira, eta, horiekin, mendian zabiltzala, saguzarren ultrasoinuak antzeman eta grabatzen dituzu. Etxean grabazioak ordenagailuan deskargatzen dira, eta, ultrasoinu horiek programa batekin aztertuta, zein espezierenak diren zehazten da. Izan ere, saguzar espezie bakoitzak ultrasoinu espezifiko bat emititzen du, frekuentziaren eta intentsitatearen arabera ezberdindu daitekeena. Detektagailuekin, beste aukera bat da toki finko batean uztea: detektagailua interesgarria dirudien leku baten uzten da, egunean hainbat orduz, ultrasoinuak grabatu ditzan; beti iluntzeko lehen orduetan. Berriz jaso ostean, grabazio horiek ordenagailuekin sailkatzen dira. Horretaz gain, harrapaketak ere egiten ditugu; saguzarrak ibili ohi diren tokietan sareak jarri, eta, gero, animaliaren bat sareetan noiz jausi zain egoten gara. Bat harrapatzean, eskuz aztertzen dugu: ezaugarri morfologikoak aztertuz zalantza guztiak argitzen ditugu; izan ere, ultrasoinuekin espezie batzuk nahasteko arriskua dago. Eta, bukatzeko, beste metodo bat da kobazuloetara eta halako babeslekuetara joan, eta, harrapatu gabe, han behatzea.
"GIPUZKOAN SEI SAGUZAR-ESPEZIE DAUDE GALTZEKO ARRISKUAN; HORIETAKO BAT, DEBAGOIENEAN"
Zein ondorio atera dituzue behin ikerketa amaituta?
Ondorioztatu dugu, esaterako, espezie aldetik Gipuzkoa aberatsa dela: Iberiar penintsulan 31 espezie daude, eta horietako 25 aurkitu ditugu gure lurraldean. Horretaz gain, badaude Gipuzkoako ingurune guztietan aurkitu ditugun saguzarrak: mendi-puntetan, erreka-zuloetan, herrietan zein basoetan aurkitu ditzakegu. Beste batzuen presentzia, aldiz, askoz urriagoa da: badaude lauki gutxi batzuetan bakarrik topatu ditugunak. Hori izan daiteke, espezie konkretu batzuen kasuan, Gipuzkoa espezie horien banaketa naturalen mugan dagoelako edo kontserbazio arazoak dituztelako, ingurunea eraldatu dugun modura egokitu ez direlako. Debagoienari dagokionez, dozena inguru espezie antzeman ditugu.
Saguzarra Europako araudiak babestutako animalia da; zein da Gipuzkoako egoera?
Espezie mehatxatuen euskal katalogoaren arabera, Gipuzkoan sei espezie daude galtzeko arriskuan; horietako bat dago Debagoienean, baso-saguzarra. Beste espezie batzuen kasuan, ez daude galtzeko arrisku larrian, baina kalteberak dira eta zaindu beharra dago; horien artean, Schreiber saguzarra dago, esaterako, eta Arrasaten bada espezie horretako populazio nabarmen bat. Babeslekuak aipatzen hasita, Udalatxeko eremu karstikoan eta Aizkorri parke naturalaren Aretxabaletako eta Eskoriatzako eremuetan dauden kobazulo eta barrunbeak gordeleku garrantzitsuak dira.
Zein mehatxu nagusi dituzte saguzarrek?
Hasteko, basoen kontserbazio-egoera txarra: ustiaketa intentsiboagatik egur asko atera da, eta, ondorioz, ez dira baso konplexuak, aberastasun falta dute. Horrek gordeleku eta janari falta dakar. Intsektizidak erabiltzea ere ez da onuragarria. Barrunbeetako molestiak dira beste mehatxu bat. Babesleku garrantzitsuak diren kobetara txangoak egiten dira askotan, eta horiek molestatu egiten dituzte; batez ere, udaberriko umatze garaian edo neguko lozorroan daudenean. Hala, saguzarrek utzi egiten dituzte leku haiek. Eta, azkenik, parke eolikoak daude. Ikusi da haize-errotek hilkortasun- tasa handia eragiten dutela saguzarretan ere. Alde horretatik, Debagoienean dugun Elgea-Urkilla parke eolikoak, babesleku garrantzitsuen ondoan egon arren, 25 urte darama martxan, behar den bezalako ingurumen-jarraipen-planik gabe.
"ONDARE HISTORIKO EDO KULTURALAREKIN EGITEN DUTEN GAUZA BERA EGIN BEHAR DUTE UDALEK NATURA-ONDAREAREKIN"
Zein eginkizun dute saguzarrek gure ekosisteman?
Gaueko intsektuak jaten dituzte, eta, hala, intsektuen populazioa kontrolatzen laguntzen dute. Gipuzkoako espezieek hainbat toki eta altueratan ehizatzen dute, eta horretan funtzio garrantzitsua dute, sekulako mesedea egiten digute. Dagoeneko hitz egiten da Afrikatik-eta etortzen diren eta gaixotasunak zabaltzen dituzten intsektuek Espainia hegoaldean eragiten dituzten eragozpenen inguruan; saguzarrek horrelako egoerak erregulatzen laguntzen dute. Horregatik bakarrik bada ere, zaindu egin beharko genituzke.
Saguzarren inguruko lanketa izan da Naturtzaindiaren jardun publikoenetako bat, baina, aldi berean, bazabiltzate bestelako hainbat proiekturekin.
Gipuzkoako hainbat herritan mendi publikoen kudeaketa-planak ari gara egiten. Herri askotako udalak euren kudeaketa-planak berrikusten ari dira: urte askoan egurraren ustiaketa intentsibora bideratuta egon diren hektarea pila bat dituzte, eta orain, bertako baso naturalen alde egin nahi dute; horretarako, inbentarioak eta kudeaketa-planak egiten ditugu. Iruran, Oiartzunen eta Villabonan lan horretan ari gara. Era berean, oso lur publiko gutxi dutenez horiek erosi nahi dituzten herrietan, horretarako jarraitu beharreko irizpideen proposamenak ere ari gara egiten; Arrasaten eta Iruran, adibidez, hori egin genuen. Erakunde publikoekin bi norabideko harremana dugu: batzuetan, haiek datoz gugana laguntza eske; eta beste batzuetan, gu goaz haiengana laguntza eskaintzera, ingurumen arloan egon daitezkeen dirulaguntzak lortu ahal izateko, adibidez.
Zuk badakizu zer den udaleko jarduna, Ingurumen teknikari izan zinen-eta Bergaran; udalek zein aukera dute ingurumen kontuetan eragiteko?
Udalen eskumenen artean dago euren lurretako ingurumena zaindu, babestu eta kontserbatzea. Ondare historiko edo kulturalarekin egiten duten gauza bera egin behar dute natura-ondarearekin. Batzuek baliabide gehiago izango dituzte eta beste batzuek, gutxiago; baina egin, denek egin behar dute. Orain arte, garapen ekonomikoa eta halako beste kontu batzuk gailendu izan dira, eta, ondorioz, ingurumena ez da lehentasunen artean egon, baina esango nuke gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dela. Askotan, espero dugu gauza batzuk aldundiek edo Jaurlaritzak egitea, baina ez dituzte egiten, eta, ondorioz, udalek hartu behar dute ardura: hasteko, natura ezagutzeko; eta gero, zaintzeko. Horretara animatzen ditugu udal guztiak, eta horretarako lanean gabiltza.
Gogoan duzu noiz erabaki zenuen zure bidea naturarekin lotutako kontuetatik egitea?
Inoiz ere ez dut zalantzarik egin, beti egon naiz naturan eta beti izan dut naturarekiko jakin-mina. Era berean, asko sufritu izan ditut beti naturari egiten zaizkion erasoak: errepide bat dela, obrak direla... Hasiera batean, Biologia ikasi behar nuen, baina ingurukoek esaten zidaten ez zuela irteerarik, eta, azkenean, Ingurumen Zientziak ikasi nituen. Hala ere, pozik nago hartutako erabakiarekin, eta, lana dagoen bitartean, gustura! Egia da, saguzarren inguruko lanketarekin gertatu moduan, lan batzuek ez dutela dirurik ematen. Baina Pepe Mugicak esaten zuenez: "Dirurik ez eman arren zoriontsu egiten bazaitu...".
"ASKO SUFRITU IZAN DITUT BETI NATURARI EGITEN ZAIZKION ERASOAK"
Egun lanleku duzun Udalako Ingurumen Eskolatik ehunka ume pasatzen dira urtero; haurrak ala helduak daude kontzientziatuago ingurumenarekin?
Umeak; izan ere, gure eskolan norbaitek, behintzat, gogorarazi egiten die naturaren garrantzia. Batez ere, umeekin egiten dugu lan; gugana helduren bat heltzen bada, izan ohi da berezko interesa duelako. Umeen kasuan, ikusten da askok ez dutela harremanik naturarekin, deskonexio bat dagoela: beldurra dute; ez dakite lokatzetan edo harri artean ibiltzen; bare bat ikustea ez dakit nongo espezie bat ikustea bezala da haientzat... Eta hori Arrasateko umeekin ere gertatzen da, adibidez. Gure nahia da ume haien buruan apur bat eragitea. Kontua da ingurumenari buruzkoak hezkuntza formaleko curriculumean daudela, baina hortik irtetean inork ez zaituela behartzen horrelakoak jorratzera. Udalako Ingurumen Eskolak eta halakoek helduendako kanpainak-eta egin beharko lituzkete; egiten dira mugikortasun asteak eta erreka garbiketak, baina haurrei edo gazteei zuzendutakoak izan ohi dira. Ez da justua naturaren zaintzaren pisua umeen gain jartzea; helduok ere egin behar dugu gure ekarpena, autoa gutxiago hartuta edo kontsumo ohiturak berrikusita, adibidez.
Klima aldaketa, espezieen desagertzea, natura- inguruneen suntsitzea… Badago atzera bueltarik?
Bai, noski, ez dago dena galduta! Orain gutxi, Hanna Ritchiek idatzitako Not the end of the world (Ez da munduaren bukaera) liburua oparitu didate, eta bertan dio baietz, arazo asko guk eragin ditugula eta neurriak hartu behar direla, baina azaltzen du gauza askotan hobera egin dugula. Arrasaten, esaterako, lur pila bat erosi eta ekosistemak berreskuratzen dabiltza; duela hamar urte, ez zegoen horrelakorik. Mugikortasunarekin lotuta, toki asko oinezkoendako bakarrik bihurtu dira; hala, aire garbiagoa dago, eta segurtasun handiagoa. Lanean jarraitu behar dugu, baina dena ez da negatiboa.