Asier Azkarate: "Zegaman estreinatzeko modu hoberik ez dago"

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mai. 30a, 09:47

Asier Azkarate korrikalari arrasatearra, Monterron parkean.

Bi urte baino ez dira pasa arrasatearra mendi lasterketetan parte hartzen hasi zenetik, eta dagoeneko euskal korrikalari onenen artean lekua egiten ari da txirrindulari ohia. Zegama-Aizkorrin lehen debagoiendarra eta hirugarren euskalduna izan zen. 

Amurrioko Aiaramendi Korrikalariak taldeko mendi lasterkaria da Asier Azkarate (Arrasate, 2000), eta joan den domekan jokatu zuten Zegama-Aizkorri lasterketan egin zuenak erakusten du euskal korrikalari onenen artean dagoela gaur egun: hirugarren euskaldun onena izan zen, 4.11.17ko denborarekin. Dortsala, gainera, bi egun lehenago eskuratu zuen, itxarote-zerrendan zegoela. Denbora horrekin, ziurtatuta du datorren urterako dortsala.

Lehenik eta behin, Zegamaren ostean nola dago gorputza?

Harrigarria bada ere, ondo. Uste nuen gorputzak jipoi handiagoa izango zuela egunotan, baina ez nago Aloñako Igoera edo Arrasate-Udalatx egin ostean baino okerrago.

Ondo errekuperatzen zara, oro har, halako proba baten ostean?

Lehen egunetan kosta egiten da txispa edukitzea, segidan betetzen zaizkizu hankak, baina lasterketaren osteko lehen astea beti lasai hartzen dut. Normalean, bizikletan ibiltzen naiz apur bat; inpakturik ez dagoenez, hankak deskargatzeko.

Lehen mendi maratoia izan duzu.

Bai. 35 kilometrorainoko lasterketak egin izan ditut, baina Zegama-Aizkorrikoa lehen mendi maratoia izan da.

Zegamako estreinaldiari gehiago eskatzerik badago?

Ezinezkoa da hori. Jarrita nituen helburuak kontuan izanik, Zegaman estreinatzeko modu hoberik ez dago; irabaztearen parekoa izan da niretzat. Entrenatzaileak esaten zidan denbora horietan aritzeko gai nintzela, baina ez nekien gorputzak nola erantzungo zidan. Edozelan ere, oso gorputzaldi ona izan nuen, eta eguraldiak ere lagundu zuen.

Nolakoa da proba hori barrutik?

Ikaragarria da. Inon ez dago halakorik; nik, behintzat, ez dut bizi izan. Jende asko zegoen, izugarri, leku guztietan, eta lasterketa ikusten baino gehiago, bizitzen ari ziren zale guztiak. Pentsa, belarrietako mina ere sentitu nuen [Barre].

"Lasterketa ikusten baino gehiago, bizitzen ari ziren zale guztiak. Pentsa, belarrietako mina ere sentitu nuen"

Atzetik aurrerako bidea egin zenuen.

Bai; kontserbadore jokatu nuen, distantzia berria zela kontuan hartuta, eta helburua zen ahalik eta freskoen iristea azken zatira.

Hirugarren euskalduna eta lehen debagoiendarra Zegaman.

Aurreikusten ez nuen gauza bat da, zalantzarik gabe.

Esan daiteke inoizko sentsazio onenak dituzula?

Ez dakit. Astebete lehenago, adibidez, Galizian, gorputzak ez zidan ondo erantzun. Edozelan ere, oso momentu onean nago eta hori aprobetxatzen ari naiz.

Arrasate-Udalatxen, bosgarren; Aloñan, hirugarren; eta Zegama-Aizkorrin, hogeita zazpigarren.

Sekulakoa da. Negua ez zen espero bezalakoa izan, iazko lesio txiki baten ondorioz, eta berandutu egin zitzaidan prestakuntza guztia. Beraz, balio handia ematen diot lorturikoari.

Maratoi distantzia gustatu zaizu?

Beldur askorekin hartzen nuen distantzia bat da. Aloñakoa eta Udalatxekoa bi orduko probak dira eta Zegamakoa, lau ordukoa. Oso ezberdinak dira, baina asko gustatu zait maratoia.

Zein distantzia aukeratuko zenuke?

Zaila da horri erantzutea. Oraindik gaztea naiz eta gustatzen zait gaztetasunak ematen dizun bizitasun hori aprobetxatzea; beraz, gustuko ditut distantzia motzak. Motzegiak ere ez. Hori esanda, uste dut bi orduko lasterketak aukeratuko nituzkeela, bizitasuna eta heldutasuna uztartzen baitira distantzia horretan.

"Bi orduko lasterketak nahiago ditut, bizitasuna eta heldutasuna uztartzen baitira distantzia horretan"

Aipatu duzun moduan, oraindik gaztea zara eta bi urte baino ez daramatzazu mendi lasterkari; noraino heldu zaitezke?

Datorrena datorrela, ongietorria izango da niretzat. Garaipenekin eta markekin itsutzea ez dut gustuko; korrika egiteak asko asebetetzen nau, eta asko gozatzen dut bidean.

Zer amets gustatuko litzaizuke egia bilakatzea etorkizunean?

Mendi lasterketa munduan gauza gutxi daude Zegama-Aizkorri baino hobeak, eta hori dagoeneko egia bilakatu da. Bestalde, gustatuko litzaidake atzerriko lasterketa exotikoago batean parte hartzea. Lasterketetan gozatzea baino gauza hoberik ez dago, eta gozamen horrek ematen dizun lasaitasunarekin gauzak askoz hobeto irteten dira. 

"Lasterketetan gozatzea baino gauza hoberik ez dago, eta gozamen horrek ematen dizun lasaitasunarekin gauzak askoz hobeto irteten dira"

Etorkizun laburrean, Euskal Herriko Txapelketa jokatuko duzu, Galdamesen, ekainaren 7an; zein izango da helburua?

Zegaman lortutakoak ematen didan indarrarekin iritsiko naiz txapelketa horretara, eta, beraz, ahalik eta emaitzarik txukunena lortzera joango naiz. Asko gustatuko litzaidake aurreko postuen lehian ibiltzea, baina jakitun naiz gainontzekoak ere oso indartsu daudela.

Noiz iritsiko zaizu atseden hartzeko momentua?

Uztail erdi ingurutik aurrera hanka altxatuko dut eta gorputzari atseden apur bat emango diot, ostean iraileko lasterketak prestatzen hasteko.

Hasieran, bizikleta aipatu duzu, eta ezin dugu ahaztu zu ziklista izandakoa zarela; gaur egun, zein pisu du bizikletak zure egunerokoan?

Oraindik ere pisu handia duela esango nuke. Urte askoan ibili izan naiz bizikletan, eta egia da orain korrika askoz ere gehiago aritzen naizela, baina bizikleta nire bizitzaren parte da, bai. Entrenamendu lasaietarako, esaterako, oso ondo datorkit, eta lagunekin buelta bat edo beste ematea ere gustuko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak