Malen Osak hirugarren egin du Zegama-Aizkorri proban

Josu Bilbao Atxutegi 2025ko mai. 25a, 13:32

Judith Wyder, Sara Alonso eta Malen Osa.

Oñatiko korrikalariak atzetik aurrerako lasterketa egin du, eta Zegama-Aizkorri mendi maratoiko podiumera igo da bigarren urtez jarraian 4 ordu eta 31 minutuko denborarekin (iaz bigarren izan zen).

Elhousine Elazzaoui marokoarra (3:43:28) eta Sara Alonso (4:27:25) donostiarra izan dira aurtengo Zegama-Aizkorri probako korrikalari azkarrenak. Podiumean, Debagoieneko ordezkaritza izan da aurten ere, Malen Osa oñatiarrak hirugarren denborarik onena lortu baitu (4:31:18). Gainera, Oihana Kortazar elgetarrak 8. egin du, 4:42:59ko denborarekin.

Malen Osa lasterketako une batean.

Parte hartu duten Debagoieneko beste bi emakumeei dagokionez, Garazi Abasolo aretxabaletarrak atzetik aurrerako lasterketa ona egin du, eta 41. heldu da helmugara, 5:39:06ko denborarekin, eta Uxoa Irigoien oñatiarra 53.a izan da 6:53:05eko denborarekin.

Gizonezkoetan, Asier Azkarate arrasatearra izan da azkarrena, 4:11:17ko denborarekin, 27. postuan. Atzetik aurrerako sekulako lasterketa egin du arrasatearrak.  Aitor Ajuria gatzagarra 39. postuan heldu da, 4:21:22ko denborarekin. Ajuria hamar onenen artean joan da lasterketaren aurreneko kilometroetan, baina gero beheraka egin du. 51. postua erdietsi du Xabier Lete oñatiarrak 4:29:11ko denborarekin.

Beñat Etxabe bergararrak 87. postuan bukatu du lasterketa 4:48:30ko denborarekin, eta hurrengo debagoiendarra Xabier Mujika aretxabaletarra izan da 94. postuan, 4:49:38ko denborarekin. Josu Galvez eskoriatzarra izan da, 4:56:27ko denborarekin, 107. postuan, eta Ander Uriarte bergararra 111.a izan da 4:58:57ko denborarekin. Bere atzetik, ia jarraian, 113. postuan heldu da hirugarren bergararra, Andoni Gomez, 4:59:03ko denborarekin.

123. postuan heldu da Iñigo Alzola arrasatearra, 5:03:40ko denborarekin, eta Aritz Garai oñatiarra 226. postuan heldu da 6:03:10ko denborarekin. Iñigo Uribarren arrasatearra, 238. postuan heldu da, 6:09:18ko denborarekin, eta hurrengo debagoiendarra, Igor Agirre aretxabaletarra izan da, 256. postuan, 6:21:32ko denborarekin. Ia jarraian heldu da Ion Gurutz Alberdi bergararra, 6:24:58ko denborarekin, 265. postuan. Iker Agirreurreta arrasatearra 324.a izan da, 6:54:57ko denborarekin.

 

Podiuma:

1. Elhousine Elazzaoui 3:43:28

2. Andreu Blanes 3:50:53

3. Daniel Pattis 3:51:40

---

1. Sara Alonso 4:27:25

2. Judith Wyder 4:29:47

3. Malen Osa 4:31:18

 

Sailkapen osoak hemen ikusgai.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak