Ibilgailuen eta oinezkoen arteko bizikidetzaren alde

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mai. 23a, 11:59

Nafarroa etorbidean, radar-kabina, oinezkoak eta ibilgailuak.

Udal Gobernuaren eta EAJren kezka-iturri handietako bat bilakatzen ari da ibilgailuen abiadura eta horrek oinezkoekiko elkarbizitza bermatzeko dakarren zailtasuna; horren harira, radarren esleipen berrirako pleguak onartu dituzte, baina EAJk gehiago nahi du.

Aspalditik datorren kezka da, Udal Gobernuak zein oposizioko talde nagusi EAJk partekatzen dutena. Izan ere, azkenaldian hainbat istripu egon dira Arrasaten. Apirilean, emakume bat auto batek harrapatuta hil zen Etxagibel Notarioa kalean eta, egun gutxira, Otalora Lizentziaduna kalean beste harrapaketa bat izan zen. Halaber, duela bi egun, ibilgailu batek bi gazte harrapatu zituen Musakolan eta ospitalean artatu zituzten, "lesio arinekin", Gobernuaren arabera.

Horri irtenbide bat eman gura diote, esaterako, apirileko ohiko osoko bilkuran onartutako Mugikortasun Jasangarrirako Planaren bidez. "Planaren diagnosiak jasotzen du herrian zehar mugikortasuna baketzeko beharra, eta horretarako hainbat neurri aurreikusten dira: abiadurak gutxitzea, herri barruan egiten diren desplazamenduak bitarteko seguruagoetara eta jasangarriagoetara aldatzea, eta pertsonak erdigunean jartzea". Horrekin batera, udal titulartasuneko bideetan ibilgailu motordunen abiadura neurtzeko zinemometro homologatu bat aldi baterako instalatzeko pleguak onartu ditu maiatzean Udaleko Hirigintza Batzordeak. Izan ere, azken urteetan radarren kudeaketa zuen enpresak emandako zerbitzua "oso ezegonkorra" izan dela adierazi du Maider Morras alkateak, eta, esleipen berriarekin, arazo hori konpontzeko nahia azaldu du.

Are gehiago, "datozen hilabeteetan" beste radar-kabina bat ere jarriko dute, Zerrajera kalean, "auzotarrek azken urteetan eskatu izan duten bezala", alkateak azpimarratu duenez. Gaur egun, hiru kabina daude: Gipuzkoa etorbidean dago bat eta bi daude Nafarroan etorbidean.

Azken urteetako bilakaera ikusita, gainera, pleguek matxurekiko bermea lehenesten dute. Hala, matxura kasuetan, 72 orduko epea izango du enpresak makinak konpontzeko; "eta, matxura konpondu ezin bada, ekipoa ordezkatu beharko du zazpi egun naturaletan".

EAJk hainbat neurri eskatu ditu

EAJk, bestalde, Arrasate segurua izeneko ekintza-plana aurkeztu du, "udalerriko bide-segurtasuna eta herritarren segurtasuna hobetzeko neurri espezifikoak" jasotzen dituena, jeltzaleen udal bozeramaile Ander Garayk adierazi duenez. "Herritar askok" helarazten dizkieten kezkaren ondorioz, hainbat proposamen egin dituzte. Batetik, hiru radar berri instalatzea; Galizia kalean, Zerrajera kalean eta Loramendi kalean, "eremu haietan dagoeneko abiadura handiko zirkulazioa detektatu baita".

Oinezkoentzako pasabideak babestea ere gura dute, "zebra-bideen ikuspena hobetuta eta edukiontziak eta inguruan aparkatutako ibilgailuak kenduta".

Halaber, patinete elektrikoak udal ordenantza batekin arautzea eskatu dute, "erabiltzaileen eta oinezkoen arteko bizikidetza segurua sustatzeko; batez ere, oinezkoentzako guneetan".

Laugarrenik, hainbat puntutan trafikoa kontrolatzeko kamerak jartzea proposatu dute, "puntu kritikoak identifikatzeko eta gizalegearen edo delituen aurkako jokabideak prebenitzen laguntzeko".

Horrekin batera, errepideak asfaltatzea eskatu dute, "zirkulazio handiena duten kaleak lehenetsiz, zirkulazio baldintza hobeak bermatzeko". Azkenik, seinaleztapena hobetzea ere funtsezkotzat jo dute, "arrisku egoerak murrizteko".

Garayk dio segurtasuna eta bizikidetza herritar "guztien artean landu beharreko lehentasunak" direla. "Irtenbideak bilatu gura ditugu. Proposamen errealistak egin ditugu, eta, borondatez, kale eta auzoetako bizi-kalitatea hobetu dezakegu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak