Euskal Herriko gailur, leku eta herri esanguratsuenetara musika eraman, eta inguruko pertsonak eta herriak elkarrekin harremanetan jarriko ditu Urmuga ekimenak uztailaren 11tik 31ra bitartean. Hainbat berrikuntza izango ditu zeharkaldiak. Ohi bezala, Mendebaldetik Ekialdera egingo du bideak Urmugak markatzen duen lerroari eusten. Baina, ibilbidearen zati batzuetan, Kantauriko eta Ebroko isurialdietan sartuko dira, aurreko edizioetan erabili ez dituzten bideak zeharkatuz.
Bost ataletan banatu dute: uztailaren 11tik 12ra Araban murgilduko dira –Angulo portutik Altube porturaino–; uztailaren 13tik 16rako zatiak Bizkaia hartuko du Gipuzkoako mugan amaituz–Gaztelugatxetik Besaide mendiraino–; uztailaren 17tik 20ra Gipuzkoan ibiliko dira tarteka Nafarroan sartuz –Aiatik Berastegira–; uztailaren 21etik 26ra Nafarroan barrena ibiliko dira –Uxuetik San Juan de la Peñako Monastegiraino–, eta azkenik, Zuberoan eta Behe Nafarroan –Auñamenditik Santa Grazin amaitu arte–.
Besaiden, uztailaren 16an
20 egunez musika izango da protagonista Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Kontzertuetako sarrerak doakoak izango da. Uztailaren 16ko etapa Besaiden amaituko da, eta eguerdiko hamabiak aldera hara iristea aurreikusten dute. Hala, 19:00etan, kontzertua emango du Chruinne talde galiziarrak Arrasaten.
Gainerako egunetan, ohikoa den bezala, Et Inkarnatus orkestrako kideek hainbat emanaldi emango dituzte euskal musikagileen kantuak moldatuz. Besteak beste, ondorengo abeslariek hartuko dute parte: Eñaut Elorrieta, Anje Duhalde, Alaitz eta Maider, Leturia, Pirata, Maixa eta Ixiar, Janus Lester edota Lorea Zulaika.
Izen-emateak
Urmuga ibilbideko edozein zati edo ibilaldi osoa egin daiteke. Mendi gidariak ibiliko dira parte-hartzaileak laguntzen, eta jatekoa nahiz lotarako tokiak ziurtatuko ditu antolakuntzak. Izena emateko epea ekainaren 15ean irekiko da.
Data horretatik aurrera, mendi ibilaldirako nahiz musika emanaldietarako izena emateko aukera izango da www.urmuga.eus web orrialdean edo info@urmuga.eus helbidera idatzita. Harremanetarako telefonoa: 696 14 67 52.