Ikerlanek 33 milioi euroko fakturazioarekin itxi zuen 2024. urtea, %7,4 inguruko hazkundearekin 2023ko emaitzekin alderatuta. Azaldu dutenez, igoera hori enpresen eskariari eta teknologia-transferentziako proiektuen sendotasunari esker izan da, "18 milioi eurora iritsi baitziren, %13ko igoerarekin eta zentroak eremu estrategiko horretan lidergoa sendotuz". Gainera, nabarmendu dute Ikerlanen iazko ikerketa-jarduerak 13 milioi euroko diru-sarrera izan duela, 2023an lortutakoen oso antzekoak.
2024an, gainera, lehendakaritzan, Adolfo Plazak Jose Miguel Lazkanotegui ordezkatu zuen, eta Mondragon Taldearekin batera, startup kooperatiboaren eredu berria bultzatu zuten, "ekintzailetza teknologikoa eta balio kooperatiboak uztartuz". Mondragon Taldeko Ezagutza Dibisioa sortzea eta martxan jartzea ere izan da iazko beste mugarrietako bat.
Urte "positiboa" Ikerlanendako
Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusiak adierazi du batzarrean egin duen hitzartzean, "2024a oso urte positiboa izan dela zentroarentzat, eta aurrerapen esanguratsuak izan direla jarduera-eremu guztietan. Transferentziako diru-sarrerak handitzeko joerari eta ikerketakoak mantentzeaari esker, bien arteko oreka estrategikoa indartzen ari gara eta gure plan estrategikoan zehaztutako helburuak lortzen ari gara. Arlo sozialean ere oroimenerako urtea izan da, 50 urteurrena ospatzkeo ekitaldi programa batekin, eragin handia eta parte-hartze aparta izan dituena".
Ikerlaneko lehendakari Adolfo Plazak ekitaldian azaldu duenez, zentro teknologikoa "erreferente bihurtu da garapen teknologikoan eta enpresei ezagutza transferitzen, eta energia berrituarekin eta bere ingurunean inpaktu ekonomiko eta soziala izateko bokazio irmoarekin egiten dio aurre etorkizunari".