Prozesuaren baitan, lehenik, herritarren diagnostikoa jaso zuen Udal Gobernuak, auzoz auzoko saioen bidez, eta orain "jarduketa-proposamen zehatzak" definitzen hasi da, hainbat sektore eta kolektiboren ikuspegiak jasoz.
Askotariko eragileekin elkartu da Udal Gobernua: Haurren Kontseiluarekin (Txatxilipurdiren laguntzarekin); Institutuko eta Arizmendiko ikasleekin; erretiratuen etxeetako ordezkariekin; udal teknikari eta langileekin; Hirigintza Aholku Kontseiluarekin; eta herritarrekin, kale galdetegien bitartez, "behar diren auzo, adin tarte edo generoekin zuzendutako presentzia aktiboa bermatuz".
Gobernuak adierazi duenez, sektore bakoitzak bere ikuspegitik egin du ekarpena. "Helburua da ikuspegi horiek guztiak bateratzea Arrasatek behar duen azpiegitura berde, klima eta energia plan integrala definitzeko".
Orain, saio irekiaren txanda da. Maiatzaren 27an egingo dute, 18:30ean, Kulturateko Loramendi gelan, eta edozein herritarrek parte hartu ahal izango du. "Orain proposamenak egiteko garaia da, eta ahalik eta iritzi anitzena behar dugu. Hiriaren etorkizun berdea elkarrekin eraiki behar dugu", adierazi du Garazi Etxeberriak, Hirigintza zinegotziak.
Ondoren, jasotako proposamenak aztertu eta lehentasunak ezarriko dituzte, "ekintza-plan eraginkor eta zehatza" osatzeko. "Planaren helburua da Arrasatek klima aldaketaren aurrean erresilientzia irabaztea eta hiri jasangarriago baterantz urrats sendoak ematea".