Gustura emaitzarekin?
Bai, oso gustura. Gainera, iazko denbora hobetu egin dut, eta asko betetzen nau horrek. Sei minutu eta 46 segundo egon nintzen ur azpian, iaz baino 30 segundo gehiago. Era berean, beste hiru probatan parte hartu nuen: hegatsik gabe, hegatsarekin eta hegats bakarrarekin. Guztietan hobetu nuen aurretik nuen marka; beraz, ezin dut gehiagorik eskatu. Izan ere, osteko sailkapenean, besteek egiten dutena ere kontuan hartzen da.
Apneako proba estatikoan lortu zenuen domina; zertan datza proba hori?
Arnasaldi bakarrean, aurpegia uretan duzula, ahalik eta denbora gehien egoteari deritzo apnea estatikoa. Normalean, ahuspez egoten gara.
Zuk diozu bizitza osoko entrenamendua izatea oso inportantea dela.
Ur azpian nagoenean, hasierako sentsazioak izugarri onak dira. Meditazio sakonean sartzen naiz. Baina, ostean, estutasuna dator, gorputzak itotzeko arriskua duzula esaten duenean. Ez da horrela izaten; izan ere, norbere oxigeno maila oraindik ez da jaitsi, baina une latzak izaten dira. Bizitzan egoera gogorren aurrean burua argi mantentzen ikasi izanak ur azpiko sentsazio txar horiek kudeatzen laguntzen dit. Genetika ere oso inportantea da, gorputz guztiak ez direlako berdinak. Hirugarren hanka entrenamendua eta lana izango litzateke.
Nola hasi zinen apnea egiten?
Igeri egiten ikasi aurretik! Nire kabuz hasi nintzen ur azpian arnasari eusten. Baina, diziplina moduan, pandemiaren ostean hasi nintzen, mugikortasun murriztua izan genuenean. Itsasoan botilarekin urpean igeri egiten dut, eta hutsunea sentitu nuen. Eibarren apnea egiten zuen talde bat zegoela jakin nuen, eta gaur arte. Apnea entrenatzen, diziplina hori ezagutzen, eta lehiatzen hasi nintzen.
Zein erronka daukazu begiz jota epe laburrean?
2026an, 50 urte beteko ditut, eta master kategoriako Munduko Txapelketan parte hartu gurako nuke. Euskadiko eta Espainiako txapelketetan ez daude aitortuta master kategoriak, baina nazioarteko probetan bai. Erronka hori daukat begiz jota.