Txikitatik dute Txomin Maidagan Ruizek (Arrasate, 2004) eta Jon Mestre Arzuagak (Oñati, 2007) musikarekiko afizioa, eta ofizio bilakatzeko bidean ari dira biak ala biak. Gasteizko Kontserbatorioan ezagutu zuten elkar, orain dela urte batzuk, eta, bakoitza bere bidea egiten bada ere, orduan sortu zitzaien etorkizunean elkarrekin proiektu bat gauzatzeko gogoa. Bada, bihar, zapatua, elkarrekin izango dira taularen gainean.
Hilabeteetako lana
Madrilen ari da goi mailako piano ikasketak egiten oñatiarra, eta Donostiako Musikene goi mailako eskolan dihardu Arrasatekoak, Orkestra eta Abesbatza Zuzendaritza ikasketak egiten. Orain dela hilabete batzuk hasi ziren gaur, zapatua, San Frantzisko elizan 19:30ean egingo duten emanaldia prestatzen. "Ilusio handiarekin gaude, sekulako aukera da guretzako gaur egingo dugun kontzertua. Oso pozik gaude, etxetik gertu goi mailako halako emanaldi bat egiteko gogotsu", diote biek.
Prestaketa lanak aipatuta, lan gogorra izan dela aitortu du Mestrek: "Txominek obra hori egitea proposatu zidanean, hasieran zalantza izan nuen ea kapaza izango nintzen, eta irakaslearekin komentatu ondoren baiezkoa eman, eta bederatzi hilabete egin ditut beste pieza batzuen artean, bereziki, hori prestatzen". Zuzendariarentzako ere erronka handia ari da izaten; izan ere, Mestre piano-joleaz gainera, 51 laguneko orkestra izango du haren batutaren menpe. "Orkestrarekin kontzertuak egin izan ditut, baina obra horrek orkestra potenteagoa behar zuen eta jende gehiago batu behar izan dugu; eta lortu dugu familiakoen, lagunen, lagunen lagunen eta bestelako kontaktuei esker. Oso eskertuta gaude, dena ematen ari dira-eta kontzertuak aurrera egin dezan".
Orain dela 42 urte
Depresioa zuen garaian konposatu zuen Rachmaninoffek pieza hori. "Izugarria da; tristea bai, baina itxaropentsua, aldi berean. Argia ematen du. Publiko guztiarentzako oso gomendagarria da emanaldia", dio Mestrek. Rachmaninoffen pieza aurrez Arrasaten interpretatutakoa dela ekarri du gogora Maidaganek: "Orain dela 42 urte, hau da, 1983-1984ko ikasturtean, Arrasate Musikaleko Orkestrak eskaini zuen, Juanito Arzamendiren zuzendaritzapean. Amaia antzokian egin zuten estreinakoa, eta, ondoren, Bordelen (Frantzia), Zarautzen, Gasteizen, Logroñon, Donostian, Carraran (Italia) eta Worns-en (Alemania) ere egin zuten". Bada, orduko orkestran izan ziren hainbat kide izango dira Maidaganek zapaturako osatu duen orkestran parte hartzen: Javier Retegi (biola); Iñaki Maidagan (flauta); Arturo Goikoetxea –piano-bakarlaria izan zen eta oraingoan kontrabaxua joko du–; Iñaki Agirreurreta (fagota); Mikel Olazabal (oboea); Nestor Maidagan –klarinetea jo zuen eta oraingoan perkusioa joko du– eta Marijose Ugarteburu (fagota).
Emanaldiaren izarra aipatutako obra bada ere, Maidaganek gaineratu du hori baino gehiago jasotzen duela errepertorioak: "Kontzertu oso polita izango da; gustatuko zaio publikoari. Ezagunak diren beste pieza batzuk ere eskainiko ditugu; esaterako, Jonek Chopin-en pieza bat joko du berak bakarrik pianoarekin, eta orkestrak Bizet-en pieza bat ere bai".