Nola gogoratzen duzu hango egunerokotasuna?
Ez naiz asko gogoratzen. Dena atzean utzita etorri naiz hona. Han ezkondu nintzen, baina hemen izan ditut bi semeak. Oso zaila izan zen dena; ez niretzat bakarrik, baizik eta saharar guztiendako sektore guztietan edo edozein lekutan.
Sahara Marokoren okupaziopean bizi da urte luzez.
Bai, eta Saharan ez dago etorkizunik. Marokok okupatuta daukanez, ez dago lanposturik sahararrendako. Nik batxilergora arte ikasi nuen, eta nire ametsa polizia izatea zen.
Baina bidean oztopoak izan zenituen?
Azterketak ere egin nituen, baina, sahararra naizenez, ez didate utzi sartzen. Postu batzuetan edonor ezin da sartu. Marokoarra izan behar duzu. Asko sufritu dugu lana topatzeko, asko. Horregatik atera nintzen handik. Ziur nago azterketak ondo egin nituela, oso errazak zirelako. Gustura atera nintzen azterketatik, baina, azkenean, Marokoko nire lagunak onartu zituzten, eta gu, hiru lagun, kalean geratu ginen.
Zergatik nahi zenuen zure ogibidea polizia izatea?
Nire gurasoek ez zuten nahi ni sektore horretan sartzerik, baina gustatu egiten zait laguntzea, gauzak ondo egitea. Gogoko dut bakea, eskubideak bermatzea, baita besteei laguntzea ere.
2011n, Kanariar uharteetara migratu zenuen.
Familia berrelkartze bidez atera nintzen Saharatik. Nire senar ohia lanean ari zen han, eta, orduan, hara joan nintzen, hiru hilabeterako.
Nola gogoratzen duzu Europarekin lehen kontaktua?
Hara iristea ez zen beste munduko ezer izan. Zerbait normala zen niretzat. Saharatik aterako ez banintz bezala. Klima ere bera zen. Gainera, han Saharako familia asko daude, eta normal sentitzen nintzen.
Eta bidaia?
Oso bidaia arrunta. Senarrarengana joango banintz bezala, nire egitekoa zen. Ni prest nengoen etxetik ateratzeko. Nire gurasoak han uztea zaila izan zen, baina nire eskubide bila ari nintzen. Bizitzeko eskubidea daukagu, gizakiak gara.
Handik, ordea, Arrasatera; zergatik?
Lagunen aholkuengatik. Hemen lana zegoela esan zidaten. Kanariar uharteetara iritsi bezain pronto, nire senar ohiari kontratua amaitzen zitzaion, baina ez zegoen lanik. Han lanaren gehiengoa turismora bideratuta dago: hotelak, jatetxeak... Denboraldiak daude. Familia ginen eta lana behar genuen. Ezin genuen lau hilabete lan egin eta Saharara itzuli. Batzuek hala egiten dute beste lan bat atera arte, baina familia duzunean lana bilatu behar duzu. Esan ziguten hemen lana zegoela, eta hobeto egoten zela.
Aldaketa izango zen, ordea, Kanariar uharteetatik Debagoienera etortzea.
2012ko urtarril aldera etorri ginen, eta hotz handia egiten zuen. Ez ginen etxetik irten ere egin. Aldaketa handia izan zen. Urte osoa 20-22 graduan egotetik bi gradu azpitik egon zitekeen leku batera etortzera... ez nengoen prest. Gainera, oso bakarrik sentitzen nintzen. Bakarrik nago. Pixkanaka semeak hazi dira, eta orain ez naiz hain bakarrik sentitzen. Ez familiarik, ez lagunik, senarra lanean, ni etxean… Oso zaila izan zen.
Beste aldaketaren bat ere sumatuko zenuen, ala?
Denboraleak bakarrik harritu nau. Dena den, han une oro dago arriskua. Etxean lasai egon zaitezke, eta etxeko gizonen bila etor daitezke. Duela bi hilabete, nire anaien bila joan ziren, baina ez dut nahi horretaz hitz egin, oso gogorra da eta. Hemen lasaitasuna, bakea, bilatzen dugu. Hemen ez da inor etxera sartzen arrazoirik gabe sahararra zarelako. Han arrazismo handia pairatu dugu.
Espektatibak bete dira?
Noski. Orain lanean ari naiz, beste edonor bezala. Lana daukat, nire semeak eta ni neu aurrera ateratzeko.
Zure familiak hona etortzeko asmorik badu?
Denak hona etortzea nahi nuen, baina ez dute nahi. Han bizitzera ohitu dira. Adinekoak dira gurasoak, eta ezin dute. Utzi nuen bezala jarraitzen du Saharak. Ez dugu eskubiderik, ezin dugu lanik egin, ezin dugu ezer egin.
Euskaraz ikasteko gogotsu dago, nahia eta ulertzen moldatzen den
Debagoienera iritsita izan zuen euskararen berri Izzana Ezzaiarrek, eta, dioenez, euskaraz ikastea baino ez zaio falta, eta gogotsu dago pauso hori emateko. Nahiz eta aldi berean lan egitea eta ikastea zaila izan, Aramaioko Kintelena janari-dendan egiten du lan, eta lehenengo egunean harrituta geratu zen herriaren edertasunarekin: "Aramaio oso polita da. Ez nekien hain ederra zenik". Dendan bezeroek euskaraz hitz egiten diote. Esaten diotena ulertzen duela aurreratu du, baina gehiago kostatzen zaio erantzutea: "Bai, euskaraz hitz egiten didatenean ulertzen dut, baina zailago egiten zait erantzutea".
Dena den, hitz solte batzuk badakizki euskaraz; eta zerrendatu ere egin ditu: "Egun on; Kaixo; Zer moduz... Zenbakiak ere badakizkit euskaraz, 20 arte". Saiatzen da euskaraz erantzuterakoan zenbatekoak esaten.