"Herritar askok" helarazten dizkieten kezkaren ondorioz, hainbat proposamen aurkeztu dituzte Arrasateko jeltzaleek. "Horrez gain, azken urtean delinkuentzia hazkunderik handiena izan du Arrasatek, arau-hauste penaletan %36,7ko igoerarekin".
Hori dela eta, sei proposamen zehatz egin dituzte. Batetik, hiru radar berri instalatzea, Galizia kalean, Zerrajera kalean eta Loramendi kalean, "eremu horietan dagoeneko abiadura handiko zirkulazioa detektatu baita".
Bestalde, oinezkoentzako pasabideak babestea gura dute, "zebra-bideen ikuspena hobetuz eta edukiontziak eta inguruan aparkatutako ibilgailuak kenduz".
Patinete elektrikoak arautzea ere eskatu dute, udal ordenantza baten bitartez, "erabiltzaileen eta oinezkoen arteko bizikidetza segurua sustatuz, batez ere oinezkoentzako guneetan".
Laugarrenik, hainbat puntutan trafikoa kontrolatzeko kamerak jartzea proposatu dute, "puntu kritikoak identifikatzeko eta gizalegearen edo delituen aurkako jokabideak prebenitzen laguntzeko".
Horrekin batera, errepideak asfaltatzea eskatu dute, "zirkulazio handiena duten kaleak lehenetsiz, zirkulazio baldintza hobeak bermatzeko". Azkenik, seinaleztapena hobetzea ere funtsezkotzat jo dute, "arrisku egoerak murrizteko".
Arrasateko EAJren udal bozeramaile Ander Garayk nabarmendu du segurtasuna eta bizikidetza herritar guztien artean landu beharreko lehentasunak direla. "Plan honekin, irtenbideak eman gura ditugu. Proposamen errealistak egin ditugu eta ziur gaude, borondatez, kale eta auzoetako bizi-kalitatea hobetu dezakegula".
Horrekin batera, Udal Gobernuari elkarlanerako dei egin dio EAJk, "ahaleginak batzeko, informazioa partekatzeko eta segurtasunaren arloko estrategia komun batekin aurrera egiteko".