Gaur, eguaztena, egin dute prentsa agerraldia, emanaldiaren berri emateko. Han izan dira, besteak beste, Jean Bordachar, Aitzindariak elkarteko presidentea; Renee Harbustan, Arrasaten bizi den zuberotarra; eta Andoni Arratibel, Arrasateko Udaleko Kultura zinegotzia.
2007an, Aitzina Pika ikuskizuna sortu zuen Aitzindariak elkarteak, belaunaldi ezberdinetako berrogeita hamar partaiderekin eta Zuberoako dantza, antzezlan eta kantuak oinarri hartuta –Arrasaten ere egin zuten emanaldi bat–. Orain, bide beretik sortu dute Aitzina Biga, 104 partaidez osatutakoa eta Zuberoako musika, dantzak, antzezlanak, abestiak eta bertsoak batzen dituena.
Lehen emanaldia Maule-Lextarren egin zuten, apirilaren 19an eta Biarritzeko La Gare du Midi antzokian egin zuten bigarrena. "Lehenengoan 1.200 herritar batu ziren eta bigarrenean, 1.300. Beraz, arrakasta handia izan zuten emanaldi horiek", dio Bordacharrek.
Hiru gai nagusitan banatzen da ikuskizuna, Bordacharrek azaldu duenez: desafioa, transmisioa eta harremanak. Era berean, ikuskizunaren bitartez, harremanak sortu gura dituzte Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin. "2007an Arrasaten izan ginen Aitzina Pika emanaldiarekin, harremanak baditugulako. Hori dela eta, gazteek harremanak egin ditzaten gura dugu, Zuberoaren eta, kasu honetan, Arrasateren arteko loturak sendotzeko. Kulturari esker bidaiatzea ohore bat da guretzat eta erakusten dugu euskaraz ere gauza handiak egin daitezkeela, gure kultura ardatz hartuta", nabarmendu du Aitzindariak elkarteko presidenteak.
Renee Harbustanek, Arrasaten bizi den zuberotarrak, adierazi du Zuberoa gehiago ezagutzeko aukera bikaina dela. "Hemengo jende askok ez daki non dagoen ere, eta aukera ezin hobea da gure lurraldea ezagutzeko. Harreman berriak egitea funtsezkoa da Zuberoaren etorkizunerako. Eskerrak halako jendea badela, Zuberoako kultura bizirik mantentzeko eta Euskal Herrian zabaltzeko".
Afarirako tiketak salgai
Emanaldiaren ostean, herri afaria egingo dute Uarkapen, 22:00etan, eta txartelak AEDn erosi daitezke maiatzaren 21era arte, 18 euroren truke. Menua honako hau izango da: Natxo-ak guakamolearekin; paella –valentziarra edo begetala, AEDn txartela erosterakoan adierazi beharko da–; eta euskal pastela. Edateko, ardoa, sagardoa edo ura aukeran.
Beste bi emanaldi Euskal Herrian
Arrasatekoaren ostean, bi emanaldi gehiago egingo dituzte Euskal Herrian. Maiatzaren 31n, Iruñean (Nafarroa) ariko dira, Baluarte antzokian, eta uztailaren 12an borobilduko dute bira, Atharratzen (Zuberoa).