Naturan Jolasean ekimenaren hamargarren edizioa prestatu dute Leintz Eskola Kirolak, Besaide Mendi Elkarteak, Gaztetxeko Guraso eta Haur Asanbladak, Udalako Ingurumen Eskolak, Guraso.eus-ek eta Txatxilipurdik elkarlanean, Ereindajanen eta Naturtzaindiaren laguntzarekin.
Azken hamarkadetako garapen ereduak natur eremuetatik urrundu eta porlanezko hiri handietara bizitzera eraman du gizartea, antolatzaileen esanetan. "Horrek, naturak eguneroko bizimoduan aurrera egiteko eskaintzen dizkigun baliabideei muzin egitea ekarri du", gaineratu dute.
Naturatik urruntzeak, "kultura oso baten galera" dakarrela nabarmendu dute: "Jakituria, ohitura, erritu, legenda eta kontakizun herrikoiak; zuhaitz, landare eta animalien ingurukoak; landa eremuaren, urtaroen eta, oro har, lurraren ingurukoak; osasuntsu bizitzen laguntzen zigutenak eta, batez ere, gure bizitzari benetako zentzua ematen diotenak".
Natura ordezkorik ez duen osasun, ongizate, ikasketa eta sormen iturri agorrezina dela ere aldarrikatu dute. "Hori horrela, beharrezko ikusten dugu naturaguneekiko atxikimendua areagotzeko dinamikak sortzea".
Egitaraua
Bide horretan, honako egitarau hau osatu dute:
- Maiatzak 21 (eguaztena):
- 17:00etan, Marraztu dezagun Sebero berdeago bat mural kolektibo aldarrikatzailea, Seber Altube plazan (Euria bada: alertarik egon ezean, ekintza egingo da).
- Maiatzak 24 (zapatua):
- 17:30ean, Basoa ezagutzen *ginkana, Monteazpin hasi eta San Kristobalen bukatuz.
- 19:30ean, afaria, Zeuk ekarri eta bertan jan, San Kristobalen.
- 21:30ean, *Gaueko hegazti harraparien bila, Nerea Pagaldai adituaren eskutik, San Kristobalen. *Ondoren bertan lo egiteko aukera egongo da (vivak). Oharra: Antolakuntzako kideak bertan lo egiten geratuko dira. (Euria bada: alertarik egon ezean Ginkana soilik egingo da).
- Maiatzak 25 (domeka):
- 08:00etan, Yoga saioa, San Kristobalen.
- 08:30ean, Gosari herrikoia, San Kristobalen.
- Maiatzak 26 (astelehena): arratsaldez
- Espeleologia txangoa, Montxongo koban barna, LH-3 eta LH-4ko haurrei zuzenduta. *Izen ematea ikastetxeetako LEK-eko koordinatzaileen bidez egin beharko da, txandak horren arabera antolatuz. (Euria bada: alertarik egon ezean ekintza egingo da).