Belaunaldiartekotasuna eta inklusioa bermatu gura dituen jaialdia prestatu dute San Isidro egunerako. Hala, meza nagusiaren eta luntxaren ostean, Musakolako eguneko zentrora joango dira eta handik karparako bidea hartuko dute, egoiliarrekin batera. Udal ordezkarien ongietorriaren ondoren, musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera egongo da.
Batetik, Lourdes Oncalak sevillanak eroango ditu San Isidro plazako karpara, eta, bestetik, Arrasate Musikaleko bandaren dantzaldia izango da. Hala azaldu du Mikel Markiegik, bandako zuzendariak. "Gurekin harremanetan jarri ziren, kontzertu bat egiteko aukerarik izango genukeen galdetuz. Eguena izanik, garbi geneukan oso zaila izango zela banda guztia elkartzea. Hori dela eta, bandako kideen artean komentatu nuen eta hogei bat musikariko talde orekatu bat lortu genuen".
Errepertorioari begira jarrita, dantzaldi bat egitea erabaki zuten. "Lehen domeka arratsaldeetan egiten ziren horietako bat, garai bateko doinuak berreskuratuz. Lehen ligatzeko erabiltzen ziren kantuak joko ditugu; Besame mucho, Picolisima sereneta eta beste hainbat. Seguru jendea animatuko dela eta herritarrak dantzan ikusiko ditugula", nabarmendu du Markiegik.
Azkenik, gaineratu du aberasgarria dela halako emanaldi ezberdinak egitea. "Ez da gure errepertorio normala. Emanaldi berezi moduan, duela hamar urte ere antzeko zerbait egin genuen, Arrasate Musikalen 40. urteurrenean. Guretako ere, monotoniatik irtetea beti da ona. Beraz, gogotsu hartuko dugu egueneko emanaldia".
San Isidro eguneko egitaraua:
- 10:00etan: Arizmendi Santa Teresa Ikastolak eta Arrasate HE Musakolako eraikineko Haur Hezkuntzako umeen irteera San Isidro Plazara ekintza ezberdinak egitera: jolasak, ipuin kontaketa, aurpegiak margotzea...
- 11:00etan: Prozesioa Santa Teresa elizatik hasita, San Isidro elizaraino.
- 11:30ean: Meza nagusia San Isidro elizan. Ondoren, herritarrentzat, baserritarrentzat eta erretiratuentzat luntxa San Isidro elkartean eta abesbatzarentzat erretiratuen etxean.
- 12:00etan, Musakolako eguneko zentrotik irteera, karpara.
- 12:15etan: Arrasateko Nagusien Kontseiluak, Musakolako alkatetzak eta Musakolako Jubilatuen Etxeak antolatutako belaunaldien arteko integrazio programaren barruan, honako ekitaldi hauek egingo dituzte:
- Sevillanak Lourdes Oncalaren ikasleen eskutik.
- 80ko eta 90ko hamarkadetako musikarekin dantzaldia Arrasate Musikal Bandaren eskutik.
- 12:30etik 14:30etara Jubilatuen etxeak eskainitako pintxo potea.
- 18:30etan, txosnaren irekiera. Pintxo-pote eta DJa San Isidro plazako karpan.