Edukiontzien erreketen aurrean, EAJ Arrasatek ekintza-plana zehatz bat aurkeztu du, "datozen lau hilabeteetan ezartzeko diseinatua eta edukiontzien guneen segurtasuna handitzeko neurriekin".
Batetik, edukiontziak etxebizitzetatik aldentzea proposatzen dute, fatxadetatik gertuegi daudenak lekuz aldatuz. "Lekuz aldatu ezin diren kasuetan, edukiontzi guztiak metalezkoak izatea proposatzen dugu, suterik gertatuz gero sugarrek etxebizitzetan eraginik izan ez dezaten".
Bestetik, edukiontziak aparkalekuen ondoan daudenean, aparkaleku bakar baten ondoan jartzea proposatzen dute eta ez biren artean. "Halaber, autoetatik hurbilen dagoen edukiontzia beti metalikoa izatea eskatzen dugu, sugarrak zabaltzea saihesteko".
Hirugarrenik, gurako lukete suteak azkar identifikatzeko sentsoreak instalatzea edukiontzi bakoitzaren barruan, baita sua itzaltzeko gailu automatikoak ere, "sugarrak ahalik eta lasterren geldiarazteko".
Azkenik, herritarrak kontzientziatzeko kanpaina iraunkor bat abian jartzea eskatu dute, "Getxon egindakoaren antzekoa, ekintza bandalikoek eragindako kalte ekonomiko eta materialak murrizteko".
Elkarlanerako prest
Plan errealista, bideragarria eta epe laburrera exekutagarria dela uste dute jeltzaleek. "Horrez gain, gure bizilagunen segurtasuna eta ondarearen babesa lehenesten ditu. Ezin dugu sute edo kalte material gehiagorik onartu", adierazi du Ander Garayk, EAJren udal bozeramaileak.
Arrasatearren segurtasuna "edozein interes alderdikoiren gainetik" dagoela azaldu dute. "prest gaude elkarrekin lan egiteko gure herria babesteko eta joan den astean bizi izandako egoera berriro errepika ez dadin. Arduraz jokatzeko garaia da", bukatu du Garayk.