Harreman Denda kalera aterako dute maiatzean

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mai. 6a, 12:38

Harreman Dendako kideak, loteak egiten, dendan bertan.

Beste urte batez, "bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren inguruan sentsibilizatzeko" asmoz, kalera aterako dute Harreman Denda. Zapatuan, Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Aramaioko Lorabarri azokan izango dira.

Harreman Denda bailarako bi tokitan izango da maiatzean. Batetik, maiatzaren 10ean, Aramaioko Lorabarri azokan hartuko dute parte, "bidezko merkataritzako produktuak salduz eta horien inguruko informazioa herritarren esku jartzeko", dendako kideen esanetan. Bestetik, maiatzaren 17an, Antzuolako San Isidro azokan egongo dira, Anelkar gobernuz kanpoko erakundearen eskutik.

Adierazi dutenez, bidezko merkataritzaren "kontsumo etikoak" hainbat onura dauzka, eta horiexek azpimarratu nahi dituzte: "Nekazariek lan-baldintza egokiak dituzte, haur edo pertsona nagusien esplotaziorik gabe; prezio justua jasotzen dute; genero berdintasuna, antolakuntza demokratikoak eta kimikorik gabeko laborantzak sustatzen dira; eta ingurumenaren errespetua bermatzen da".

Era berean, giza eskubideak eta ingurumena babesten duen merkataritza eredua bultzatzea "ezinbesteko"a iruditzen zaie, "globalizazioak eta multinazional handiek eragiten dituzten injustiziei aurre egin eta gure planeta salbatu nahi badugu".

Inplikazioa eskatu dute

Hori dela eta, herritarrei, baina batez ere, Debagoieneko udal, enpresa eta eragile sozialei "merkataritza justuago baten aldeko inplikazioa" eskatu nahi diete. "Adibidez, herriko jai, kirol edo kultura ekimen ezberdinetarako erosketa etikoak eginez, hezkuntza zentroetarako informazio hitzaldiak antolatuz, opari ofizial eta abarretan, bidezko merkataritzako produktuak eskainiz eta abar".

Dagoeneko, bailarako hainbat eragilek Harreman Dendarekin kolaboratzen dute, besteak beste, Arrasateko Udalak, Bergarako Udalak, Fagor Taldeak, Ibai-arte merkatarien elkarteak eta Goienetxe Fundazioak. "Gero eta gehiago gara. Ea denon artean, justizian oinarritutako merkataritza hau hedatzea lortzen dugun", nabarmendu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak