Sanjuanetako lelo lehiaketa martxan da

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko api. 22a, 11:20

Iazko lehiaketako irabazleak.

AED elkarteak San Juan jaietarako lelo lehiaketa antolatu du, Arrasateko Udalarekin elkarlanean. Lelo horren bitartez, antolatzaileen helburua da arrasatearrak jaiak euskaraz bizitzera animatzea. Maiatzaren 14ra arte aurkeztu daitezke proposamenak, aed@aedelkartea.eus helbidera bidalita.

Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak beste urte batez antolatu du San Juan jaietarako lelo lehiaketa eta, ohi moduan, Udalak San Juan jaietarako aterako dituen euskarrietan erabiliko dute aukeratutako leloa. "Erabilera hori kontuan hartuta, esaldi laburra eta argia izatea baloratuko da", diote antolatzaileek.

Arrasaten bizi, ikasi edo lan egiten duen edonork parte har dezake lehiaketan, taldean edo bakarka. "Partaide edo talde bakoitzak nahi beste lan aurkez ditzake", azaldu dute. Esan moduan, lanak maiatzaren 14a baino lehen bidali beharko dira aed@aedelkartea.eus helbidera. "Leloarekin batera, egilearen edo egileen izen-abizenak eta telefonoa zehaztuko dira".

Jasotako leloetatik hiru finalista aukeratuko ditu AEDk osatutako epaimahaiak eta irabazlea herritarrek aukeratuko dute bozketa bidez, maiatzaren 17an, AEDren Instagrameko kontuan.

Saria 100 eurokoa izango da, nahiz eta saria eman gabe ere gera daitekeen, epaimahaikoek horrela erabakiz gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak