Arrasateko herribusaren erabiltzaileek Mugi sistemaren abantailez gozatzen jarraituko dute

Goiatz Arana Begiristain 2025ko api. 16a, 16:14

Azahara Dominguezek –Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidentea– eta Maider Morrasek –Arrasateko alkatea– hitzarmena luzatu dute. Legez aurreikusitako luzapenak, lau urtera artekoak, tarifak integratzeko sistemaren jarraipena bermatzen du udalerrian, herritarrek Mugiren abantaila guztien onuradun izaten jarrai dezatela ahalbidetuz.

"Aukera ematen die erabiltzaileei txartel bakarra, zonakatze komuna, garraioa gehien erabiltzen dutenentzako deskontu progresiboak, beren kolektiboaren araberako hobariak eta doako transbordoak izaten jarraitzeko, besteak beste", azaldu du Dominguezek. Eta gaineratu du luzapenak "Arrasateko Udalak Mugi sisteman duen konfiantza berresten" duela eta "albiste bikaina" dela: "Udal gehiagok GGLArekin –Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza– bat egitea sustatzen jarraituko dugu, herritar gehiagok Mugi sistemaren abantaila guztiez gozatu ahal izan dezaten. Eta, beraz, garraio publikoaren erabilera demokratizatzen jarraituko dugu, pertsona guztiek, errenta-maila edo bizitokia edozein dela ere, mugikortasun jasangarrirako eskubidea bermatuta izan dezaten eta bizi-proiektuak garatzeko aukera-berdintasuna izan dezaten".

Lankidetza-protokoloa

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidenteak jakinarazi duenez, hitzarmena Gipuzkoako Lurralde Historikoan tarifak integratzeko sistema ezartzeko lankidetza-protokolo orokorraren barruan dago. Protokolo hori 2012an sinatu zen, eta Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren, udalen eta garraio-operadoreen arteko hitzarmen-sare bat sortu zen, Gipuzkoako mugikortasun-sistema publikoa hobetzeko ahaleginak koordinatzeko.

Herribusaren modernizatzea

Maider Morrasek, bere aldetik, adierazi du erakunde ezberdinen arteko elkarlana "ezinbestekoa" dela, Mugi bezalako zerbitzuak herritarrei eskaintzen dizkien onurak mantentzeko. Eta horrekin batera, ezinbesteko jo du  herribusaren modernizatzea eta eguneratzea, egungo arrasatearren beharretara: "Horregatik, gaur sinatzen dugun akordioaz gain, zerbitzua hobetzeko eta modernizatzeko lanetan ari gara Arrasateko Udaletik".

Hain zuzen ere, herribusaren linea berriak diseinatzeko parte-hartze prozesu bat martxan da, maiatzaren 4ra arte. Helburua da 2026ko uztailean indarrean sartzea Arrasate osoa Zaldusperekin konektatuko duen autobus zerbitzu berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak