Herribusaren linea berriak diseinatzeko galdeketa abiatu du Udalak

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko api. 7a, 13:13

Moises Altuna teknikaria eta Kepa Urteaga zinegotzia, herribusa atzean dutela.

Gaurtik maiatzaren 4ra arte, galdetegi bat erantzuteko aukera izango dute herritarrek, online zein aurrez aurre. Izan ere, Udal Gobernuak erabiltzaileen iritzia jaso gura du, herribusaren linea berriak diseinatzeko.

2026ko uztailean amaituko da herribusaren kontratua Avanzarekin eta dagoeneko linea berriak diseinatzeko lanari ekin dio Udal Gobernuak. Bide horretan, azterketa teknikoa egiteaz gain, herritar eta erabiltzaileen iritziak jaso gura dituzte.

2000. urtean jarri zuten martxan herribus zerbitzua Arrasaten eta, ordutik, "aldaketa txikiak" izan baditu ere, bi linea nagusiak mantendu dituzte. "Aldaketa nabarmenena izan da bi autobus izatetik lau izatera pasa ginela. Orain, Mugikortasun Plan berriaz gain, Zalduspeko geltokia hartu behar dugu kontutan, eta konexioak berrikusteko ordua dela uste dugu", dio Kepa Urteagak, Arrasateko Udaleko Obrak, Zerbitzuak eta Mantentzea Saileko zinegotziak.

Galdetegia maiatzaren 4ra arte

Gaur abiatu dute galdetegia eta herritarrek zein erabiltzaileek maiatzaren 4ra arte edukiko dute erantzuteko aukera. Alde batetik, online bete ahal izango da galdetegia eta, bestetik, honako gune hauetan ere eskuragarri egongo da: BAZen, Kulturaten, Musakolako kiroldegian, Juan Arzamendi Musika Etxean eta erretiratuen etxeetan (Musakola, Toki Argi, Etxaluze eta Erguin).

Zerbitzua eguneratzeko beharra

Egun, urtean 100.000 erabiltzaile ditu herribusak. Edozelan ere, zerbitzua "modernizatu eta eguneratzeko beharra" azpimarratu du Urteagak. "Herritarren beharrei erantzuten dien linea berriak izateak, erabilgarri izango den zerbitzua izatea bideratuko du, egungo Arrasateko beharrei erantzunez. Garraio publikoa eraginkorra izan dadin, indartu egin behar dugu", dio.

Izan ere, azken 25 urteetan herria asko aldatu dela nabarmendu du. "Esate baterako, 2000. urtean ez zegoen igogailurik, eta gaur egun hainbat auzotan igogailuak ditugu. Horrek herriko mugikortasunean eragin handia du. Beraz, beharrak nabarmen aldatu dira, eta irisgarritasunaz gain, konexio berri eta azkarrak egiteko premia dugu gaur egun".

Hainbat aldagai kontutan hartzeko

Linea berriak diseinatzerakoan, hainbat aldagai hartu behar dira kontutan, Urteagak azpimarratu duenez: "Arrasateko auzoak erreferentzia nagusi izango diren autobus lineen trazadura berria diseinatzea; trazadura horretan, auzoak Zalduspeko autobus geltokiarekin lotzea; egungo erabiltzaileen eta erabiltzaile potentzialen iritzi eta eskaerak kontutan izatea; zerbitzuaren maiztasuna definitzea; ibilgailu kopurua definitzea eta lineen ibilbideetarako ibilgailu mota egokiena definitzea; garrantzitsuak izan daitezkeen beste gai batzuk, herritarren edo teknikarien proposamenak jasoz".

Linea berriak definitzeko lanak Igartek Consulting enpresak egingo ditu eta hark egingo ditu egoeraren analisia eta proposamen berria. "Gaur egun ezagutzen ditugun lineak erabat aldatu daitezke, eta herri guztia zeharkatzen duten bi linea egotetik, hainbat gune konektatzen dituzten linea gehiago egotera igaro gaitezke. Ikusiko dugu zer dioten herritarrek", dio Urteagak.

Datorren urterako, etxeko lanak eginda

Lan tekniko horrekin, Urteagak aurreikusten du 2026ko uztailerako "etxeko lanak eginda" heltzea, eta zerbitzuaren esleipen berria eguneratutako linea berriekin egitea. "Esleipen berriarekin batera, autobus gehienak ere berrituko ditugu", gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak