70 lagun inguruk hartu dute parte gaur goizean Besaide Mendizale Taldeak eta Alpino Tabira taldeak antolatuta egin duten irteeran. Ez da, baina, mendi-ibilaldi arrunt bat izan, irteeran zehar Ugutz Basauri geologoaren eta Udalako Ingurumen Eskolako Kide Naiara Corcueraren azalpenak jaso dituztelako.
Udala auzotik irten eta mendizaleek Lurgorriko meategietarako bidea hartu dute. Han, Udalatxeko geologia abiapuntu hartuta, burdin mineralen inguruko azalpenak eman dizkie Ugutz Basaurik. Egomenditik Udalatxeko tontorreraino igo dira gero eta Kobaundiko kobazulora jaitsi ostean, Hagin zaharra dagoen ingurura egin dute.
Hara heldutakoan Udalatxen biodibertsitateaz hitz egin die Naiara Corcuerak, bertako artadiak zein harkaizti eta zelaiek eskaintzen dituzten zerbitzu ekosistemikoak azpimarratuz.
Irteera amaitzeko berriz ere Udala auzora jaitsi eta Besaidekoek prestatutako hamaiketakoaren berreskuratu dituzte indarrak.