Arrasateko Udalak, Garaia Osasunerako Sustapena lantaldearekin elkarlanean, udalerriko ikastetxeetan substantzien gehiegizko kontsumoei aurre egiten jardun du.
Proiektuak "nerabearen garapen positiboaren eredua" hartzen du oinarri. "Eredu horrek nerabearen ongizatean jartzen du ardatza, baina arreta osasun baldintzetan jarriz eta osasun kontzeptuaren barruan sartuz ongizate pertsonala eta soziala izateko beharrezkoak diren trebetasunak, jokaerak eta gaitasunak".
Dagoeneko, ikasle eta irakasleekin lanketa egin dute eta orain gurasoen txanda dela azaldu dute. "Familiak nerabeengan eragin handia dauka, bertan ezartzen baitira ohiturak, arauak eta trebetasunak. Horregatik gonbidatzen ditugu 12-17 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoak bi hitzaldietan parte hartzera".
Lehen hitzaldia Droga kontsumoen prebentzioa familiatik izango da, maiatzaren 6an. Euskarazko hitzaldia Kulturateko areto nagusian izango da eta gaztelerazkoa, Loramendi gelan. 17:30ean hasiko dituzte saioak, Ixone Akarregi eta Ainhoa Lauzirika Garaiako teknikarien eskutik.
Bigarrena, aldiz, Osasun emozionala zaintzen izenekoa izango da, maiatzaren 20an egingo dutena, hori ere 17:30ean eta Garaiako teknikarien eskutik.
Euskarazko hitzaldia Kulturateko Jokin Zaitegi gelan egingo dute eta gaztelerazkoa, Loramendi gelan.
Izen-ematea zabalik
Apirilaren 30era arte eman ahalko da izena, honako bi bide hauetako bat erabiliz: 943 25 20 00 telefono zenbakira deituz edo izenemateak.arrasate.eus webgunean.