Leipzigen (Alemania) dauka burua Aitor Madinabeitiak (Arrasate, 1999), IFK erakundeak lau urtetik behin antolatzen duen nazioarteko txapelketan. Lanbidez muntatzailea eta afizioz karateka, eskarmentu handia dauka tatami gainean.
Senior mailan egonkortu zara dagoeneko; nolako urtea dabil izaten?
Otsailean zapore gazi-gozoarekin itzuli nintzen Kataluniatik, XV. Nazioarteko Oyama Kopa jokatuta; lehen borrokaldia irabazi egin nuen, eta bigarrena galdu. Sentsazio onak berreskuratzeko, martxoaren 22an Bartzelonan jokatzen zen Espainia mailako txapelketa batean eman nuen izena, eta ondo irten zitzaidan jokaldia, txapeldun geratu bainintzen.
Han parte hartzea ez zeneukan aurreikusita, ordea.
Ez, ordurako atseden hartzen egotea geneukan pentsatuta, baina nazioarteko txapelketara mentalki ondo joatea garrantzitsua da. Puntu onean nago orain.
Nola lortu duzu Alemanian lehiatzeko txartela?
Iaz Espainiako txapeldun izan nintzenez, aukera eman zidaten. Herrialde bakoitzetik hiruzpalau joan daitezke, gehienez. Nire kategorian, 70 kiloz azpiko kyokushinkai modalitatean, 35 lehiakide gaude izena emanda.
Ezagutzen al duzu baten bat?
Batzuen izenak apuntatuta dauzkat, eta banaka batzuekin ere borrokatu naiz. Baina bertara heldu arte ez dugu jakingo nortzuk egongo diren; izan ere, herrialde batzuetan, gerrak direla eta, ezin dute bidaiatu. Zein helbururekin joango zara? Beti bezala, dominaren bat etxera ekartzeko helburuarekin. Azken fasera iristeko, aurreikusten dugu bost borrokaldi gainditu beharko ditugula.
Baina lehenengoa galduz gero, etxera.
KO [knock-out] delakora jokatzen dugu, bi minutuko borrokaldietan. Tarte horretan ez badago garaile garbirik, beste round bat jokatzen dugu; gehienez, hiru. Baina logikoena da lehen kanporaketetan epaileek azkar ematea irabazlea, finalaurreko eta final ikusgarriak izatea interesatzen zaie eta; horretarako, oso garrantzitsua da borrokalariak leher eginda ez iristea.
"KLUB HANDIAGOEKIN LEHIATUTA ERE, SARRI EMATEN DUGU EGURRA, DOMINAK LORTZEN DITUGU ETA"
Borrokaldien ostean ez al daukazue errekuperatzeko astirik?
Ez, motel. Txapelketa osoa egun berean jokatuko da, goizetik arratsaldera; beraz, ohikoa da borrokaldi batetik bestera ordubete eskas igarotzea.
Bi minutuan erakutsi behar duzu zertarako gai zaren; nolako ezaugarriak dituzu?
Eskuekin eta hankekin kolpe indartsu eta bizkorrak emateagatik nabarmentzen naiz; batez ere, gerritik behera. Azken urteetan KO dezente eginda irabazi dut. KOrik ez badut lortzen, nire borrokaldiak dezente luzatzen dira, sei minutura arte sarri, defentsan ondo jasaten baititut kolpeak.
Saioa klubari dagokionez, besteekin alderatuta zein mailatan dago?
50 kide inguru gaude Saioan, eta lan polita egiten dugula esango nuke. Txapelketetara joaten garenean, klub handiagoetako kideen aurka lehiatzen gara, normalean, hiriburuetakoen aurka. Eta beti eman izan dugu egurra, sarritan lortzen baitugu dominak ekartzea.
Karatea azken Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu zen; zein balorazio egiten duzu?
Parisen ez, baina aurreko jokoetan, Tokion, karateak izan zuen tokia. Hala ere, modalitate guztien batura moduko bat izan zen. Guk praktikatzen dugun borroka-mota, kyokushinkaia, ez da inoiz egongo Olinpiar Jokoetan ordezkatuta, minik eragiten ez duten modalitateak lehenesten dituztelako; izan ere, guk hankekin aurpegian jo dezakegu, edo eskuekin gibelean eman.