14.075 bazkide ditu Arrasateko Udal Bibliotekak, biztanleen %64

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko api. 1a, 15:11

Asun Agiriano, bibliotekako zuzendaria, interesgune batean.

2024ko memoria aurkeztu du Arrasateko Udal Bibliotekak. Hainbat datu esanguratsu jasotzen ditu dokumentuak, besteak beste, bazkide kopurua. Liburuen maileguak ere %10 egin zuen gora iaz.

Gaur egun, 14.075 bazkide ditu bibliotekak, biztanleen %64, iaz baino lau puntu gehiago. Hala jasotzen du 2024ko memoriak. Era berean, Kulturaten 70.085 dokumentu daude eta Santa Marinako auzo bibliotekan, 7.198. Beraz, Arrasateko Udal Bibliotekak 77.283 dokumentu ditu guztira.

Liburuen maileguari dagokionez, %10eko hazkundea izan du 2024an –2023an %4 igo zen–. "Kulturaten 41.488 liburu, disko, aldizkari eta bideo mailegatu genituen. Santa Marinan, aldiz, 2.504 dokumentu mailegatu ziren", azaldu du Asun Agirianok, Arrasateko Udal Bibliotekako zuzendariak.

Liburu elektronikoen mailegu kopurua ere nabarmentzekoa da. Izan ere, eLiburutegia plataformaren bitartez egindako mailegua %23 hazi da eta EAEko 10.000 biztanletik gorako udalerrietan lehen postuan dago Arrasate. Plataforma horren bidez, maileguan hartu daitezke liburu elektronikoak, online pelikulak, audio-liburuak eta aldizkari elektronikoak.

Gazteek euskaraz eta helduek gaztelaniaz

Memorian jaso dituzten datuen arabera. "Liburuen aukeraketan oinarrituta, haur eta gazteek euskaraz irakurtzen dute gehienbat eta helduek gaztelaniaz. Helduen generorik gustukoena intriga eta nobela beltza da, gaztelaniaz, eta euskal irakurleak denetik irakurtzen du, eleberria nagusi den arren. Haurrek album ilustratuak eta ipuin klasikoak aukeratzen dituzte irakurtzeko eta gazteek komikiak, batez ere. Harrigarria da komikia zenbat igo den gazteen artean", dio Agirianok.

Balorazioak, galdetegi bidez

2024. urte hasieran, galdetegi bat jarri zuten martxan erabiltzaileen artean, liburutegiko zerbitzuei buruz dituzten iritziak ezagutzeko. Balorazioen artean, honako hauek daude, besteak beste: "Eskaerak azkar erantzuten ditugula eta, gehienetan, modu positiboan; literatura solasaldiak ere oso ondo baloratzen dira; animazioari erreparatuta, haur txiki-txikientzako ipuin kontaketak, tailerrak eta lehiaketak dira arrakastatsuenak; ordenagailu eramangarrien zerbitzua, iaz martxan jarri eta aurten sendotu duguna, ondo baloratu da, erabilgarri ditugun zazpi ordenagailuak 141 aldiz mailegatu baitira". Azkenik, aipatzekoa da Ikasteko Gelarako 350 txartel banatu dituztela. 

Santa Marinakoa handitzea da asmoa

Azkenik, 2025erako erronka nagusien artean, Santa Marina auzoko liburutegia handitzea dagoela nabarmendu du Agirianok, "erabiltzaileen erosotasuna hobetzeko gune gehiagorekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak