Idoia Arraiza: "Botere harremanak lantzea ezinbestekoa da"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko api. 1a, 15:18

Idoia Arraizarekin atzo Kulturaten egindako saioa.

Emakume Txokoak gonbidatuta, Emagineko kide Idoia Arraiza Kulturaten izan zen atzo. Maite Barreña berdintasun teknikariak proposatutako galderak erantzun zituen Nola erantzun sexu-indarkeriaren inguruko zarata mediatikoaren aurrean? izenburupean egindako saioan.

Zer da indarkeria matxista? Ze funtzio betetzen ditu izu sexualak? Zergatik ugaritu dira sare sozialen bitartez egindako salaketa anonimoak? Zer da justizia feminista eta zer dira justizia errestauratiboa eta justizia eraldatzailea?

Emagineko kide, ikertzaile eta aktibista feminista den Idoia Arraizak argi dauka zapalkuntza sistema guztiek indarkeria erabiltzen dutela botere harremanak mantentzeko, eta patriarkatuak indarkeria matxista duela mekanismo nagusi. Azpimarratzen du hainbat indarkeria mota ematen direla: indarkeria zuzena (kasu ikusgarrienak) eta egiturazko indarkeria edo indarkeria sinbolikoa. "Bizi dugun berdintasun egoera irudipen bat da", dio.  

Salaketa era alternatiboak

Askotariko gaien inguruan galdetu zion Barreñak Arraizari. Galdera horietako bat izan zen sare sozialen bitartez egindako salaketa anonimoak ugaritu izanari buruzkoa.

Arraizaren ustez fenomeno hori ez da kasualitatea. "Adierazten du gaur egun ez dagoela espazio segururik emakumeok jasan dugun indarkeria kontatzeko", esan zuen. Gaineratu zuen, hain zuzen ere, emakume askoren erabakia izaten dela salaketa judizialik ez jartzea. "Eta askok Interneten aurkitu dute ezinegon handi bat kanalizatzeko aukera. Espazio seguru bakarra ikusten dute".  

Justizia errestauratiboaren eta justizia eraldatzailearen inguruan ere egin zuen berba: "Helburua zein da: norbait zigortzea edo norbaiti erreparazioa eskaintzea? Etengabe eztabaidatzen ari garen zerbait da", esan zuen.

Zenbait komunitatetan zabaltzen diren protokolo eta prozesu alternatiboen inguruan ere aritu zen aditua. "Justizia eraldatzailearen lehen urratsa da min egin duenak egindakoa onartzea", azpimarratu zuen, eta azaldu zuen halako prozesu bat martxan jartzeko ezinbesteko direla: erasotuak nahi izatea, erasotzaileak egindakoa onartzea eta prozesuan parte hartzea onartzea, eta prozesu osoa sostengatuko duen komunitate bat egotea. "Saiatu behar dugu gizonak ere kasu horien kudeaketan inplikatzen", esan zuen.

Askotariko gogoetak

Saioaren bigarren zatian parte-hartzaileen galderak eta gogoetak izan ziren nagusi. Askotariko gogoetak partekatu zituzten ekitaldira joandako hogei bat lagunek.

Ondorio nagusien artean nabarmendu zuten gizonen inplikazioa ezinbestekoa dela, eta, horrekin batera, botere harremanak lantzea eta intentsitate txikiko indarkeria kasuetan esku-hartzea prebentzio neurri oso garrantzitsua dela.

Ohartarazpen bat ere egin zuen Arraizak: "Patriarkatua berrantolatzen ari da, eta olatu gogor bat dator".

Idoia Arraiza eta Maite Barreña atzoko ekitaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak