2024ko aurrekontuen likidazioa egin ostean, exekuzio mailarekin "pozik" agertu dira Ogasun Saileko ordezkariak. "2024ko abenduaren 31ko datarekin, %71tik gorako exekuzio maila geneukan, eta konprometituta baina fakturatu gabe zeuden zazpi milioi euroak gehituta, 2024ko exekuzio maila %84 ingurukoa izan da", azaldu du Joseba Ezpeletak, Arrasateko Udaleko Ogasun zinegotziak.
Gerakinaren kopuru osoa hamasei milioi eurokoa bada ere, horietatik zazpi milioi euro pasatxo dagoeneko konprometituta dauden proiektuetarako direla zehaztu du Ezpeletak; "hau da, abenduaren 31an ordaindu gabe zeuden esleipenei lotutakoak".
Horien artean daude honako hauek: Jose Luis Iñarra kaleko urbanizazio lanak, 2024ko udazkenean hasi zituztenak eta oraindik amaitu gabe daudenak –1,7 milioi euro pasa–; Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleen urbanizazio lanak eta bizilagunen etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzak –2,5 milioi euro inguru–; Iturripeko kiroldegi berriaren proiektua idaztea –380.000 euro–; Amaia antzokiko proiektua idaztea –300.000 euro–; herriko hainbat gune asfaltatzeko enkargatua egitea –200.000 euro–; eta Uarkapeko panel fotovoltaikoak –111.000 euro–.
Bederatzi milioi euro, "inbertsio handietarako"
Erabili ez den metatutako diru kopuru osoa bederatzi milioi ingurukoa da, "hein handi batean, 2024 urteko diru-sarrerak gainditu dituelako Udalak". Ezpeletaren esanetan, bederatzi milioi euro horiek dagoeneko inbertsio proiektu zuzenetara bideratuta daude. "Izan ere, gaur-gaurkoz idazten ari diren proiektuak exekutatzeko baliatuko dira. Horien artean, honako hauek daude: Iturripeko kiroldegia; Amaia antzokia eraberritzea; Grupo San Juan auzoko urbanizazioa; Udala auzoko urbanizazioa; eta Gorostiza auzoko igogailuak.
"Milioi asko" direla nabarmendu du eta dimentsio handiko proiektuak direla. "Bost proiektu horiek gauzatzeko ezinbestekoak izango dira bederatzi milioi horiek", gehitu du zinegotziak.
Finantza egoera "ona"
Ezpeletak dio Udalak egun daukan finantza egoera ona egiten ari diren "kudeaketa egokiaren" adierazle dela. "Aurrekontuetan jasota dauden proiektuak gauzatzeko beharraz gain, ezinbestekoa da aurrekontua bera zuhurtziaz kudeatzea. Datozen urteetan arrasatearron bizi-kalitatea hobetuko dituzten proiektu estrategiko garrantzitsuak aktibatuko ditugu, eta ekonomikoki prest egon behar dugu horretarako. Eta hori, arrasatear guztiok zergak ordaintzeko egiten dugun ahaleginari esker da, ongizate komunitarioa bideratzeko", azaldu du Ogasun zinegotziak.