Uarkapeko panelak energia sortzen hasi dira

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mar. 25a, 18:45

Uarkapeko plaka fotovoltaikoak. (Argazkia: Arrasateko Udala).

Frontoiko eraikinaren sabaian 246 panel fotovoltaiko jartzeko lanak amaitu ditu Arrasateko Udalak. Horiek sortzen duten energia guztia udal eraikinen kontsumora bideratuko dute, batez ere Uarkape frontoira, baina baita azokara, Amaia antzokira, Kulturatera edota argiteria publikora ere.

Instalazio berri horrek 137,76 kilowatteko eremu fotovoltaikoa sortzen du, Udalaren arabera. "Modu praktiko batean ulertzeko, instalazioak 140.000 kilowatt-orduko ekoizpena emango duela kalkulatzen dugu, 46 etxebizitza inguruk kontsumitzen duten energia ekoizpena izango litzatekeena", adierazi du Kepa Urteaga zinegotziak.

Neurri horrekin, Arrasateko Udalak "urrats berri bat" egingo du trantsizio energetikoan. "Ezinbestekoa dugu trantsizio energetikoan aurrerapausoak ematea eta energetikoki jasangarriak diren sistemetara jauzi egiten jarraitzea. Uarkapeko plaka fotovoltaikoak jasangarritasunaren bidean kokatzen gaitu", dio Urteagak.

Lanak egiteko aurrekontua 110.924,12 eurokoa izan da (BEZ barne), eta Iniciativas de Tecnología y Sostenibilidad SL enpresak egin ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak