Arrasateko EAJk "herritarren eta kolektiboen hainbat proposamen eta alegazio" aurkeztuko ditu datorren asteko osoko bilkuran, boto partikularraren bitartez, "azken dokumentuan ahalik eta ekarpen gehien islatuta gera daitezen", Ander Garay jeltzaleen udal bozeramailearen esanetan. "Dokumentuaren zati handi batekin ados gaude. Hala ere, aldaketa batzuk egitea proposatzen dugu: noranzko bakarrak desagertzea, lurpeko bi aparkaleku egitea eta Gorostizako igogailua bi urtetan gauzatzea", dio.
EAJk kritikatu du Udal Gobernuak udalerriko errepide nagusietan noranzko bakarreko zirkulazioa ezarri nahi izatea: "Arrasate Pasealekuan, Nafarroa etorbidean, Zerrajera kalean eta Gipuzkoa etorbidean. Gure ustez, neurri horrek trafiko arazoak eta pilaketak sor ditzake, eta ez ditu mugikortasunaren arazo nagusiak konponduko. Neurri hori egokia izan daiteke bigarren mailako kaleetan, baina ez bide nagusietan". Beraz, kale horietan zirkulazio bikoitza mantentzea proposatzen dute jeltzaleek, "ibilgailuen fluxua errazteko".
Horrez gain, Iturripen eta Monterron parean lurpeko aparkalekuak egitea proposatu dute. "Helburua da gainazaleko espazioen okupazioa murriztea eta espazio horiek herritarren erabilerarako askatzea, irisgarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko".
Halaber, bidegorri sarearen diseinua "inklusiboagoa" izatearen alde azaldu dira, "erabiltzaile guztien beharretara egokituta, eta beste auzo batzuetan trafikoa handitu gabe".
Mugikortasun iraunkorraren alde
Nabarmendu dute mugikortasun iraunkorrarekiko "jarrera argia" dutela. "Edozelan ere, autoak ezin dira egun batetik bestera desagerrarazi. Lehenago beste neurri batzuk hartu behar dira: bidegorriak sortzea, azken bi urteetan metro bakar bat ere ez baita eraiki; autobus zerbitzuak indartzea; eta garraiobide berrien erabilera sustatzea. Horrela bakarrik lortuko dugu gure herria modu egonkor eta iraunkorrean eraldatzea, ez presaka".
Beste behin, "ideologia gehiegi" duen plana dela salatu du EAJk, "inposatutakoa" dela adieraziz. "Alegazioak egon dira, baina onartutako neurri bakarrak EH Bilduk 2014tik errepikatzen dituenak dira".